Teknologia albisteak

Gipuzkoako zerga gida 2011

Erabiltzailearen aurpegia
Gipuzkoako Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldea
2011-09-30 : 12:09

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako 2011ko zerga gida honen bidez, lan tresna bat eskaini nahi zaie zerga arloan aritzen diren erabiltzaileei, Gipuzkoako foru zerga sistemara hurbiltzeko eta beren jarduera euskaraz egitea errazteko.

Zergen kudeaketa arloan euskarazko materialetan dagoen gabezia bete nahi izan da eta, horregatik, aurrerantzean ere euskaraz argitaratuko du Gipuzkoako Aldundiak. Gidaren PDF fitxategia Gipuzkoako Ogasunaren webetik jaitsi daiteke (Departamentua > Zabalkunderako argitalpenak).

Gida hau erabiltzaile askori zuzenduta dago, hala nola Gipuzkoako ogasun arloko foru eta udal langileoi, zergen arloarekin zerikusia duten profesional pribatuei (gestoriak, aholkularitzak, finantza entitateak...), unibertsitateko ikasle zein irakasleei edota Gipuzkoako Ogasun Departamentuaren enplegu publikoko eskaintzetarako azterketak prestatzen dituzten herritarrei.

Zerga gida 2011ko ekainaren 30ean eguneratuta argitaratu da. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, ordea, zerga gida honen edukia 2010eko abenduaren 31n indarrean zegoen araudiari jarraituz prestatu da.

Gipuzkoako Foru Ogasunean zerga arloan erabili ohi diren hiztegia, esaldiak eta diskurtso idatzia jaso ditugu gidan. Gure ustez, interesgarria izango litzateke etorkizunean horrelako materialak gutxienez EAE eta Nafarroarako argitaratzea.

Proiektua Ogasuneko Langile Euskaldunon Taldetik sustatu dugu, eta taldeko kideok osatu dugu idazketa taldea.

Erantzun

Sartu