Teknologia albisteak

Vladimir Putin, Errusiako supergizona

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-09-29 : 14:09

Vladimir Putin eta Dmitri Medvedev-ek, Errusiako lehen ministro eta presidenteak, 2012rako postu horiek trukatzeko akordioa iragarri zuten asteburuan. Izatez, gutxik dute zalantza Putin teorikoki azpiko postuan egon arren 4 urtez, bera izan dela benetako nagusia Errusiako politikan. Eta alderdi propagandistikotik ere, ez dago duda izpirik. The Atlantic-ek kaleratu zuen argazki bilduma honetan Putin supergizon eta macho-man bat ageri da; irudi galeria ikusgarria.

Vladimir Putin urpekaritza egiten, judo egiten, hegazkinaren mandoetan, elurretako motoan, itsasontzian, Harley batean, leopardoarekin, tigrearekin, txakur-kumearekin, oreinarekin, hartzarekin, tiro egiten, pianoa jotzen...

Argazki sorta ikusgarria, eta denetan agertzen da Putin salbu eta 9.ean non bere argazkilari pertsonal bat, Yana Lapikova, ageri den bakarrik. Eta hori ere, jakina, Putinen argazkilaria izan behar.

Hedabideek gustura aireratzen dute lehen ministroaren macho irudi hau. Txistea eginez, programa batean zorakeria bat ere bururatu zitzaien Putin apur bat gehiago promozionatzeko: bostekoa emanda ukitu duzunaren indarra ematen diozu lagunari... ba bostekoa eman zion telebistako aurkezlea, indarra biltzen ibili zen zenbait egunez. Bideoa hitz batekin deskribatzekotan, hipnotikoa.

Medvedev, ostera...

Aldiz, egungo presidente (eta ondorengo lehen ministro) Dmitri Medvedev ez dirudi gauza denik halako irudi bat emateko hedabideetan. Izatez, duela aste batzuk bereari buruzko bideo bat filtratu zen sarera, eta bertan Medvedevek duen dantzakera txantxarako motibo bihurtu da.

Baina Medvedevek ere ba omen du bere botere apurra, eta txantxa horien inguruko programa batean norbaitek esku hartu zuen, pasarte parodiko bat eteteko. Horra hori azaltzen duen BBCren albistea.

Bestalde, batzuetan kirola edo gauza dinamikoak egiten ere agertzen da argazkietan Medvedev, baina badirudi halakoetan Putin izaten duela ondoan, beste argazki-sorta honek erakusten duen bezala.

Erantzun

Sartu