Teknologia albisteak
4

Sareko konexioaren abiadura mundu mailan: azkarrenengandik urrun gaude

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-10-10 : 11:10

Pando Networks enpresak Global Internet Speed Study txostena kaleratu du. Interneteko konexioaren abiadura eta fidagarritasuna aztertu dute planeta osoan. Hego Koreako konexioa omen da onena; Europa Ekialdeko herrialdeak dira nagusi aurreneko 10en artean; Frantzia erdipurdi dabil; Espainia negargarri. Hona hemen xehetasunak.


Argazkiak.org | Munduko sare-abiadurak © cc-by-sa: sustatu

Pandok berriki aurkeztu duen Global Internet Speed Study txostenak munduko estatu guztietako Interneteko konexioaren abiadura eta fidagarritasuna aztertu ditu. 220 herrialdetako 20 milioi ordenagailutako 27 milioi deskarga aztertu dituzte eta emaitzak kaleratu.

Konexio azkarrena duten herrialdeen artean Hego Korea da arinetan arinena, 2.202 Kbps-ko bataz besteko abiadurarekin. Ezustekoak, beharbada, ondoren datozen herrialdeetan aurkituko ditugu, hurrengo laurak Europa Ekialdeko herrialdeak baitira (Errumania, Bulgaria, Lituania eta Letonia). Askoz atzerago azaltzen dira ustez herrialderik aurreratuenak ei direnak, besteak beste, Alemania (23. postuan) AEB (26.), Frantzia (27.) edo Erresuma Batua (28.). 600 Kbps inguruko abiadura dute, korearren laurdena.

Oraindik eta atzerago dago Espainia (51. postuan), 394 Kb-eko abiadurarekin. Mundu mailako bataz bestekotik (580 Kbps) eta Europakotik (599 Kbps) oso urruti eta Europa osoan herrialde makalago bakarra dagoelarik (Italia, 336 Kbps).

Zerrendaren azkenengoen artean, espero zitekeen bezala, Afrika eta Asiako herrialderik gehienak aurkituko ditugu, eta Kongo da azkena, 13 Kb-eko abiadurarekin. Txina (245 Kbps) eta Australia (348 Kbps) ere nahiko atzean azaltzen dira zerrendan.

Zerrenda osoa Excel fitxategi honetan aurkituko duzu. Baita formatu irekian ere bai Sustatun bertan. Hemen herrialde esanguratsuenak eta munduko mapa:

  • (1) Hego Korea: 2.202 KBps
  • (2) Errumania: 1.909 Kbps
  • (3) Bulgaria: 1.611 Kbps
  • (4) Lituania: 1.463 Kbps
  • (5) Letonia: 1.377 Kbps
  • (6) Japonia: 1.364 Kbps
  • (7) Suedia: 1.234 Kbps
  • (8) Ukrainia: 1.190 Kbps
  • (9) Danimarka: 1.020 Kbps
  • (10) Hong Kong: 992 Kbps
  • (11) Herbehereak: 934 Kbps
  • (12) Finlandia: 917 Kbps
  • (13) Moldavia: 915 Kbps
  • (14) Taiwan: 860 Kbps
  • (15) Norvegia: 801 Kbps
  • ...
  • (23) Alemania: 647 Kbps
  • (26) AEB: 616 Kbps
  • (27) Frantzia: 604 Kbps
  • ...
  • Europar Batasuna: 599 Kbps
  • ...
  • (50) Espainia: 394 Kbps
  • (60) Australia: 348 Kbps
  • (82) Txina: 245 Kbps
  • (109) India: 184 Kbps
  • (163) Brasil: 105 Kbps
  • ...
  • (220) Kongoko Errepublika Demokratikoa: 13 Kbps

Mapa honetan ikus daitezke abiadurak kolore ezberdinen bidez adierazita. Zenbat eta ilunagoa, konexioa azkarragoa.


Argazkiak.org | Munduko sare-abiadurak © cc-by-sa: sustatu


Fidagarritasuna

Abiaduraz gain, fidagarritasuna ere aztertu dute (download completion rate). Hona hemen aurrenekoen zerrenda:

  • Hego Korea: 94%
  • Hong Kong: 93%
  • Japonia: 93%
  • Bulgaria: 93%
  • Taiwan: 92%
  • Danimarka: 91%
  • Suedia: 91%
  • Islandia: 90%
  • Letonia: 90%
  • Norvegia: 89%

Mundu osoko bataz bestekoa %80,45 da. Espainia hobetoxeago dago oraingoan (24. postuan) eta Frantzia atzeraxeago (32.).

Ars Technican irakurria.

Erantzunak

Sustatu
2011-10-10 : 14:16

Lagun batek idatzi digu artikulu interesgarria dela, baina bertan estekatzen den fitxategi bat Microsoften jabedun formatuan dagoela.



Informazio hori OpenDocument formatu irekian eskuragarri jartzea egokia iruditzen zait. Formatu hau programa askok erabiltzen dutela gogoan izan behar da.

Egia esan, guk ez dugu atxiki Excel fitxategia. Pando enpresak eskainitako informazioan zetorren esteka. Baina arrazoia du lagunak, dokumentua formatu irekian banatzea hobeto zela, eta gainera berak honela eskaini digunez, hori gehitu diogu artikuluari. Eskerrik asko.


i
2011-10-10 : 17:19

Espainia negargarri, eta Euskadi ere bai, eta kaletik urruti bizi garenok, are okerrago. Ardantza jauna, akordatzen al zarete zuen WIMAXeko bezeroekin? guretzako ez al dago hobekuntzarik?

Euskaldun bat
2011-10-10 : 22:02

Noiztik idazten da Asiako herrialde handi horren izena "China" euskaraz? Nik TXina zela uste nuen.

Sustatu
2011-10-11 : 10:06

Arrazoi du #3. erantzunekoak, ingelesetik kopiatu eta itsastean ez ditugu izen guztiak euskaratu. Txinaz gain, beste errore batzuk ere bazeuden. Zuzendu ditugu, eskerrik asko.


Erantzun

Sartu