Teknologia albisteak

Eibar.org-ko blog komunitatean 10.000 artikulutik gora

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-09-26 : 14:09

Eibar.org webgunea izan zen Euskal Herriko lehenengo blog komunitatea. Zazpi urte bete ditu uda honetan eta zenbaki borobil batekin egin dute, 10.000. artikulua argitaratuz. Zorionak!

Eibar.org elkarteak orain dela 7 urte inauguratu zuen bere blog komunitatea. Horixe izan zen Euskal Herrian sortu zen lehenengo blog-komunitatea eta oraindik ere indartsu jarraitzen du. Izan ere, uda honetan 10.000. artikulua argitaratu da bere blog-komunitatean. Leire Narbaizaren post hau (Ilargiko gure nebatxoa) izan zen zenbaki borobil horren muga gainditu zuena. 

Eibar.Org Elkartea (Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkartea) 1999an jaio zen, hiru helburu nagusirekin: 1) Eibarren Internet eta teknologia berrien erabilera sustatzea; 2) teknologia berrien bidez Eibarren irudia eta informazioa munduan zabaltzea; 3) Interneten dabiltzan gainerako euskaldunekin loturak estutu, eta Interneteko eremu euskalduna indartzeko. Elkartearen ekimenak dira, besteak beste, Eibartarrak posta-zerrenda eta Eibar.Org blog-komunitatea.

Une honetan 30 blog inguru daude "bizirik" komunitatean. Zorionak guztiei, orain blogeatzen dutenei, zein aurreko urteetan ere idazle izan ditugunei.

Euskarazko edukia gora Interneten

Sarri aipatu izan da Euskal Blogosferan (baita Sustatun bertan ere), Interneten euskarazko edukiak sortzeak duen garrantzia, eta horrelako albisteak pozgarriak dira guztiontzat. 10.000 artikulutik gora idatzi dituen blog komunitate kohesionatu bat izatea gure artean, horrek esan gura duen corpus-arekin, albiste ezin hobea da euskararentzat.

Ez da bakarra, gainera. Goiena.net-eko blogak ere laster helduko dira zenbaki borobil horretara (9.800 artikulu ditu une honetan). Eta beste hainbat blog komunitate ere lanean ari dira, egunero-egunero euskarazko artikuluak eta edukiak sareratzen, besteak beste, Mahatsorriak, Baleike, Uztarria, eta abar, eta abar.

Horrez gainera, Blogari.net edo Blogak.com bezalako plataformetan ere aspaldi gainditu zuten 10.000 artikulutako langa (25.000tik gora daude biak), eta artikulu gehientsuenak euskaraz daude.

Guztira, orain dela 5-6 urte sarean ez geneukan euskarazko eduki mordoa sortzea lortu dugu guztion artean.

Erantzun

Sartu