Teknologia albisteak

Transmedia boladan dago

Erabiltzailearen aurpegia
Edorta Arana
2011-09-22 : 15:09

Istorioak kontatzerakoan euskarri desberdinak erabiltzea eta digitalizazioak ekarri dituen bapatekotasuna eta interakzioa daude transmedia izaeraren oinarrian. Boladan dagoen hitza da, eta **Donostiako Zinemaldian** ere entzun dugu egun hauetan. Han eta hemen artikuluak, webguneak, jardunaldiak eta ikerketak ugaritzen ari dira transmediaren aitzakian.

Metraje luzekoa, telesaila, bideojokoa, kromo bilduma, liburuak eta kamisetak izan daitezke istorio bat garatzeko orduan aukeran dauden euskarrietako batzuk eta horiek eta gehiago erabili izan dira Star wars, Lost, Sophia's diary ala Harry Potter bezalako produkzioetan (ikus Henry Jenkins-en aurkezpena).

Hedabide ala plataforma bakoitzak dituen berezitasunak kudeatuz, kontakizunak itxuraketa propioa hartzen du eta beti ere, medio bakoitzak dituen berezitasunak aprobetxatzen dira. Kontakizun beraren orbitan mugitzen  diren medioak dira telebista, zinea, webgunea, sare sozialak. Eta gero eta gehiagotan, gidoilariek istorioak artikulatzen dituztenean arkitektuen jarrera hartzen dute, jakinik, kontakizunak osagarri, egitura eta elementu desberdinak izango dituela. Non hasi eta noraino garatu istorioa medio bakoitzaren gidoilariaren kontua izango da.

Donostiako zinemaldiaren magalean, eta hirugarren urtez antolatu duten III.  Foro Digitalean ere  transmediatasunak eztabaidaren muinean egon da. Bi egunez, transmedia produktuen narratiba, gidoiaren eraketa, teknologia berrien eragina eta interaktibitatea egon dira aztergai.

Javier Naharrok, El Barco eta Aguila Roja ekoizten aritu den Play Television profesionalak zioen bezala, ezinezkoa da gaur egun telebistarako programa bat eratu nahi izatea, bere webpisodioak ala twittersodioak kontuan hartu barik. Oraindik ere nagusi den telebista pantailaren ondoan, sare sozialen erabilera, ikus-entzuleen parte hartzea eta aportazioak ere bideratzen jakin behar da eta produktua beraren  garapenean elementu oso garrantzitsuak suertatzen ari dira.

Arte telebista kanal franko-germaniarraren webgunerako produkzioak zuzentzen dituen Alexander Kneting-ek ere gauzak antzera ikusten ditu. 

Gero eta gehiago dira ohiko telebista kanalaz gain sarerako bakarrik bideratzen diren kontakizun. Baita fikziotik haratago. Gaza Sderot, Prison Valley ala Bar code dira horietariko batzuk.

Modu berean, EITBk gero eta produktu transmedia gehiago ditu eta horren artean daude El conquistador, Nick  dut nik ala albistegiak beraiek. Horietariko bakoitzean kontatzen diren istoriak telebista tradizionalaz gain beste plataforma batzuk erabiltzen dituzte edukia zabaldu eta jendearekiko harremana estutzeko.

Edorta Arana, Hamaika ikus-entzuteko jaioak.

Erantzun

Sartu