Teknologia albisteak
1

Infernuetara bidaia

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi, xme
2011-09-17 : 13:09

Arratsaldean Asier Altunaren Bertsolari-ren estreinaldi mundiala izango bada ere, goizak eman du zeresana Zinemaldiko sail ofizialean, eta atzoko terrorezkoak abiatutako ildoari jarraitu dio, nolabait ere: Enrique Urbizu bilbotarrak No habrá paz para los malvados (Bakerik ez gizatxarrentzat) izenko thriller-a eskaini digu, eta Kim Ki-duk korearrak Amen sailkagaitza.


Amen film korearretik. Antolakuntzak banatua.

Bakerik ez gizatxarrentzat

Bakerik ez gizatxarrentzat

Enrique Urbizu, Bilbon 1962an jaioa, Alex de la Iglesiaren belaunaldikidea, hemen sortutako zinemagile onenetako bat da gaur egun, baina ez berak egin nahi du "euskal zinemarik", ez guk sartuko dugu kategoria horretan. Enkarguzko filmak egin izan ditu behin baino gehiagotan, generoko pelikulak maite ditu, eta bereziki thriller-ak. "La caja 507" izan liteke horren adibide ederra, baina urte asko zeramatzan film berririk egin gabe (industria honetan aurrera egitea zaila dagoen seinale), eta generoko beste lan sendo eta indartsu batekin plazaratu da.

"No habrá paz para los malvados" honetan, polizia mozkor-liskarti-kalamidade batek hiru lagun hiltzen ditu putetxe batean ordu txikietan; arrastoak oro ezabatu nahi ditu, baina lekuko batek ihes egin du, eta haren bila dabil batetik bestera. Aldi berean, emakumezko epaile txukun-zintzo-langile batek hilketa horiek argitu nahiko ditu.

Bilaketa bikoitz horretan txakurraren parteak du nagusitasun osoa (José Coronado aktore espainiar askorentzat gorrotatua bikain dago hemen, Urbizurekin egin dituen besteetan bezala: "La caja 507" aipatua, "La vida mancha"...); epailearen historiak kontraste eta arnas emate funtzioak dituela esan liteke, geza samarra baita berez.

Istorioak hainbat adar hartzen ditu gero: droga-trafikari kolonbiarrak, litxarrero marokoarrak, poliziako atal desberdinen arteko talka, terrorismo islamista eta haren kontrako borroka... Ez ditugu banan-banan komentatuko, baina bai aipatuko onik ateratzen dela Urbizu film polizial sobrio honetan. Eta euskaltasuna zerbaitetan nabari bazaio, tramaren sikulu-saltsan euskal konturik ez aipatzean izango da, eskertzeko gauza bide batez esanda.

Bidaiari galdua

Kim Ki-duk hegokorearra munduko zuzendari prestigiotsuenetako bat da gaur egun, egiazko poema bisualak egin dituena, non naturaren edertasun plastikoa gizakien krudeltasun muturrekoarekin elkartzen baita. Oraingoan, berriz, film arraroxeago bat egin du. Definitu ordez, konta dezadan zertxobait. Izenik ez dakigun neska korear bat (Kim Ye-na aktoreak interpretatua) Europara iritsi da lagun baten bila, baina ez du topatzen. Bakarrik dago, hizkuntza ezagutzen ez duela, eta hori gutxi balitz, lapurreta egingo diote gauez trenean, zapatak ere kentzen dizkiotela.

Turistaren amesgaiztoa dirudi horrek, baina istorioak, gero, beste bide bat hartzen du, surrealistagoa, harrigarriagoa. Irudietan eder, iradokizunetan oparo, baina kontatzen duen horretan motz eta errepikakorra. Film laburra da, ordu eta laurden eskas, baina ikusle honi luze egin zitzaion.

Erantzunak

Sustatu
2011-09-30 : 14:01

Laburtxo hau egin dute Kim-Ki Duk-en filmaren parodia eginez:



Hamen ez. Kinki-dut.


Erantzun

Sartu