Teknologia albisteak

"Itsasturiak" erakusketa marinelgoaren lekuko

Erabiltzailearen aurpegia
Jakes LARRE | Euskal kultur erakundea
2011-09-26 : 13:09

Euskal kultur erakundeak ekoiztu duen Itsasturiak erakusketa ibiltari berria Donibane Lohizunen ikusgai izango da urriaren 16a arte. Lapurdi hegoaldeko marinelen memoria zabaltzeko asmoarekin, itsas gizonen eta emazteen lekukotasun hunkigarriak oinarritzat hartuz.

Euskal kultur erakundeak lekukotasun biltze, artxibatze eta hedatze lan handi bat abiatu zuen 2007an. Eleketa programa honi esker, 130 lekukotasun bilduak izan dira Ipar Euskal Herrian, bai eta ere tratatuak, Baionako Artxibategian entzunak eta ikusiak izateko gisan.

Lekukotasun hauek eskoletako haurrei eta publiko zabalari ezagutarazteko, hainbat ekintza eramaten ditu Euskal kultur erakundeak. "Itsasturiak" multimedia erakusketa ibiltaria ekintza hauetarik bat da. 2010ean Donibane Lohizune/Ziburun bildu itsas munduko lekukotasunak eskaintzen ditu, lekukoen hautaketa Itsas Begia elkartearen eta Itsas Misioaren laguntzari esker egin delarik. Lekukotasun zati hauek � testuek, argazkiek (400 bat argazki) eta bideo-erreportaiek lagundurik - erakusketaren gorputza osatzen dute.

Donibane Lohizuneko Dukontenia erakusgelara hurbiltzen ahal ez direnek erakusketan entzungai diren 72 lekukotasun-zati ikusten ahal dituzte www.eke.org atarian. Donibane Lohizunetik landa erakusketa Biarritzen, Baionan eta Donostian emana izanen da ondoko hilabeteetan.

Erantzun

Sartu