Teknologia albisteak

"Informazioaren kudeatzailea eta bitartekaria" ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia
Tabakalera
2011-09-21 : 17:09

Aurreko edizioetan izandako arrakasta ikusirik eta dagoen eskariari erantzuna emanez, Tabakalerak eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak, Javier Leiva Aguilerak zuzenduriko Informazioaren Kudeatzailea eta Bitartekaria ikastaroaren 3. edizioa abiarazi dute. Ikastaroa 2011ko urriaren 10ean hasi 2012ko urtarrilaren 27ra bitarte luzatuko da. Izenemate epea zabalik da dagoeneko.

Inguratzen gaituen informazio jarioa geroz eta handiagoa eta anitzagoa da. Egunero-egunero hamaika dokumentu mota, euskarri, formatu eta abarrek inguratzen gaituzte eta ezinbestekoa da horiek galbahetik pasa, hautatu eta ordenatzen jakitea. Testuinguru horretan, beharrezkoa bilakatu da erabiltzaileak kasuan kasu dituen behar zehatzei erantzungo dien figura profesionala sortzea, bilaketak egiten, ebaluatzen eta garrantzitsua den hura egoki komunikatzen aditua dena. Ikastaroaren jomuga, beraz, informazioaren kudeatzaileak trebatzea da, informazioaren eta erabiltzaileen artean (euren adina, lanbidea edo ikasketa maila edozein dela ere) bitartekari gisa jardungo duten profesional berriak heztea.

Ikastaroa edozein alorretako profesionalei, betiere beren jakintza alorrean bitarteko lanak egitera bideratu nahi badute beren ibilbide profesionala, dago zuzendua, birziklatzeko eta beren ogibideari bultzada emateko asmoa duten liburuzainak eta informazioaren kudeatzaileak barne daudelarik. Gaur egun, arlo orotan behar dira informazioa eta pertsonak elkarrengana gerturatuko dituzten profesionalak.

Programako helburuak betetzeko, sona handiko adituak ditugu gai bakoitzeko, eta ahalegin handia egingo dute ikasteko prozesua bikaina izan dadin, interesa dutenek ibilbidearen amaieran proiektu propioa izan dezaten, eta deskribatutako profilerako ezinbestekoak iruditzen zaizkigun gaitasunak izan ditzaten; hots, informazioaren kudeatzaileak eta bitartekariak behar dituen gaitasunak.

IKASTAROARI BURUZKO INFORMAZIOA

Iraupena: 125 ordu. 2011ko urriaren 10etik 2012ko urtarrilaren 27 arte

Ikaskuntza eredua: Aurrez aurreko hiru saiorekin indarturiko e-learning

Izen-emate epea: Zabalik. Plaza mugatuak!

Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko: http://tabakalera-mediateca.asmoz.org

Erantzun

Sartu