Teknologia albisteak

Amazon eta Netflix, Espainian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-09-13 : 11:09

Entzute handiko zenbait zerbitzuk Espainiako operazioak hasiko dituzte aurki. Amazon dendak, hain zuzen ere, aste honetan, irailaren 15ean irekiko du bere webgunea. 1996tik Interneteko markarik ezagunenetakoa da Amazon. Askoz berriagoa da Netflix, urte gutxian AEBetan indartu ikus-entzunezkoen alokairurako sistema; baina hau ere urte amaierarako etorriko omen da.

Amazon.es irekiko da produktu fisikoen salmentarako: nagusiki liburuak; ikus-entzunezkoak CD eta DVDetan, eta elektronikako gailuak. Liburu elektronikoen edo mp3-en deskargarik ez, beraz, Kindle-an edo beste gailu batzuetan kontsumitzeko.

Informazio gehiago, El Pais-en.

Netflix eta Voddler

Netflix berriz, diotenez, 2012ko urtarrilean iritsi daiteke Espainiara. 1999. urtean jaio zen Netflix Estatu Batuetan, posta arruntaren bidez DVDak alokatzeko sistema batekin. 2000. urtean, bideogintza alokairuaren AEBetako erraldoiari, Blockbusterri, eskaini zioten euren sareko operazioak Netflix bidez antolatzea. Barre egin omen zieten Blockbusterren, baina 10 urte geroago, Blockbusterren dendek lurra jo dute, eta Netflix erraldoi bat da.

Orain, beste urrats batzuetan bideratu dira Netflix-ekoak:

  • Streaming zerbitzuaren bidez eskaini ikus-entzunezkoak (harpidetzearen garestitzea ere ekarri du eta horren inguruan zalantzak daude, dena den).
  • Produkzio propioan ere pentsatzen ari dira, HBOk kable bidezko telebistan etekina atera dion moduan, streaming-eko harpidetzetan ere modu bertsuan errentagarri izan daitekeelakoan.

Dena den, Netflix Espainiara zein baldintzatan iritsiko den ikusteko dago.

Horrez gain, Netflix-ekin antza duen beste zerbitzu bat ere, Voddler, lehen urratsak ematen ari da Espainian. Laster izango ei da martxan.

Voddlerri esan izan diote, batetik Eskandinabiako Netflix, eta baita Filmentzako Spotify...

Erantzun

Sartu