Teknologia albisteak
1

Norvegiako hilketen egilearen Interneteko mezua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-07-24 : 21:07

Eguneraketa, igandea: ETAri eta PSE-EEri eta burujabetasun mugimenduei erreferentzian egiten dien manifestu bat ere jarri zuen Interneten Breivikek.

Norvegiako atzoko atentatu bikoitzak pertsona bakar baten ekintza dirudi, Anders Behring Breivik-ek (32 urte) aste honetan bertan ireki zuen Twitterreko bere profila, eta mezu hau utzi zuen bertan:

Sinesmena duen pertsona batek, interesak dituzten 100.000 lagunek adina indar du.

John Stuart Mill filosofoarena ei da esaldi hori.

Atzo arratsaldez, bonba leherketa izugarria gertatu zen Osloko erdialdean, Gobernuaren zenbait egoitzaren ondoan, eta bertan, zazpi lagun hil dira (zauritu larriak dira). Handik bi ordura, Oslotik ordubetera dagoen kanpaleku batean, poliziaz uniformatutako gizon bat bertakoei tiro egiten hasi zen. Bigarren leku honetan 84 dira hildakoak oraingoz.

Bigarren hilketaren lekua Utoya da, laku batean dagoen uhartea. Bertan urtero, Norvegiako Alderdi Laboristak udako kanpalekua antolatzen du bere gazteen sekziorako, eta 500 nerabe inguru zeuden bertan. Alderdi Laboristakoa da une honetan Norvegiako lehen ministroa.

Uharte txiki bat izanda, ematen du 60 edo 90 minutuz egon zela hiltzailea nerabeak akabatzen. Asko igerian saiatu ziren alde egiten. Uharteko basoetan edo inguruko uretan hildako gehiago egon daitekeela uste dute agintariek.

Esaten dutenez, Anders Behring Breivik uharte horretan atxilotu zuten, zauritua. 32 urte ditu gizonak eta ultra-eskuineko talderen batzuekin lotu dute bera edo bere ideologia.

Erantzunak

Sustatu
2011-07-24 : 22:11

Ez bakarrik tuit bat, 1.500 orriko manifestu oso bat ere utzi du Breivikek sarean.


Besteak beste, PSE eta Euskadiko Ezkerra bi alderdi balira bezala aipatzen ditu, etsaitzat hartu behar diren erakunde marxistak direlakoan.


Eta bestalde, burujabetasunaren aldeko mugimenduak ere arbuiatzen ditu, nonbait bere ideia pan-europarraren kontrakoak direlakoan:


...can never support a regionalist liberation movements in anyway as it conflicts with our primary principles.

Baina horrekin batera ETA ere aipatzen du Breivikek.


ETA - Euskadi Ta Askatasuna: ETA propagates a Marxist-Leninist view and is thereforeconsidered a hostile entity by default. However, no measures will be taken against themuntil we, our Nationalist Spanish and French Justiciar Knight Commanders have re-asserted political and military control of Spain and France.

Nonbait ETA ere etsaia da, baina ez da haren kontrako neuririk hartuko harik eta bere aldeko mugimendu delako horrek agintea hartzen duen Frantzian eta Espainian. Bi aipu hauek manifestuaren 1.474. orrian daude.


Erantzun

Sartu