Teknologia albisteak

Bere buruari argazkia egin zion makako beltzaren argazkiaren eskubideak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-07-20 : 11:07

Duela aste batzuk David Slater argazkilari naturalistak argazki-kamera utzi zuen une batez Sulawesiko oihaneko bere kanpaleku ondoan, eta tximu batzuek kamera hartu, klik egitean soinu polita zuela erabaki, eta klik eta klik, zenbait argazki egin zituzten. Eta ez bereziki txarrak.

Argazkietako batzuk argitaratu ziren copyright oharrak zituztela idatzita, eta horren inguruan Techdirt agerkari teknofiloan galdera zuzendu zuten: norena ote legitimoki argazkien copyrighta edo egile-eskubideen kudeaketa? Halakorik baldin balego...

David Slater argazkilariak espreski adierazi izan du berak ez zuela argazkietan parte-hartzerik izan, baina nonbait bere agentziak, Caters delakoak, uste du enpresak dituela copyright eskubide horiek, eta baimenik gabeko argazkiak kentzeko eskatu dio Techdirt-i. Hauek ez dute jaramonik egin, eta polemizatzeko prest daude. Estatu Batuetako kontestuan, argazki horiek copyright gabekoak lirateke, Boing Boing-ek azaldu duenez, baina Sulawesiko oihana ez dago Estatu Batuetan, baizik eta Indonesian.

Wikipedian, dena den, irudi bat behintzat domeinu publikokoa balitz bezala dago; hain zuzen ere, espeziearen orria ilustratzen ingelesez behintzat, euskaraz oraindik ez. Tximinoak Sulawesiko makako beltzak dira (Macaca nigra), arriskuan dagoen espeziea.


Jatorrizkoa: domeinu publikokoa Wikipedia

Erantzun

Sartu