Teknologia albisteak

Idazlagun: euskaraz egoki idazteko erreminta

Erabiltzailearen aurpegia
Eleka Ingeniaritza Linguistikoa
2011-07-06 : 10:07

Eleka Ingeniaritza Linguistikoak IDAZLAGUN aplikazio integratua aurkeztu da. Euskaraz idatzi behar duten profesionalei laguntzeko sortu den aplikazioa da IDAZLAGUN, euskaraz lan egiteko erabilgarriak diren hainbat hizkuntza-baliabideren baturatik sortua. Bereziki mikroenpresei zuzendua dagoen arren, enpresa txikiek, ertainek, Administrazio Publikoek edota freelance moduan ari diren profesionalek ere balia dezakete zerbitzua sortzen zaizkien hizkuntza zerbitzuak argitzeko.

Eleka Ingeniaritza Linguistikoaren Elena Garcíaren esanetan, aplikazio berritzaile eta modernoa izanik, IDAZLAGUN-ek erabiltzaileari hainbat abantaila eskaintzen dizkio bere eguneroko jardunean: “Moldagarria da, gardena, programarik instalatu gabe erabil daiteke, bezero bakoitzaren beharretara moldatzeko aukera ematen du, eta gainera, urteko 365 egunetan, momentu oro, kontsulta daiteke”.

IDAZLAGUN aplikazioa modulu desberdinek osatzen dute eta bakoitzak bere funtzio zehatza betetzen du: hiztegia moduluak, esate baterako, hiztegi desberdinetan kontsultatzeko aukera ematen du; gramatika moduluak, berriz, edukien bilaketa erraztu eta iturrietara joateko estekak eskaintzen ditu; deklinabidea moduluak forma deklinatu guztiak kontsultatzeko aukera ematen du; aditzen jokatzea, datak eta orduak nola idatzi, zenbakiak testuz idazteko erreferentziak, hizkuntza-zalantzak edota idatzitako testuen ortografia zuzentzeko moduluak dira, besteak beste, eskaintzen dituen bestelako baliabideak. Xuxenweb, Opentrad, esteka interesgarriak edota hainbat dokumentu eredu ere bere barnean hartzen ditu aplikazio honek. Aplikazioa modularra denez, etorkizunean interesgarriak suertatu daitezkeen beste hainbat modulu garatu eta integratu ahalko dira.

Garcíaren iritziz, azken batean, proiektu honek hainbat berrikuntza eskaintzen dizkie bezeroei zerbitzua euskaraz ere eskaini nahi dieten enpresei, bereziki enpresa txiki eta autonomoei: **“Euren produktibitatea hobetu ahal izango dute**, euskaraz ekoiztutako testuen kalitatea hobetu, eta haien lehiakortasuna hobetu ahal izango dute. ASP motako aplikazioa izanik, enpresa batentzako ez da hainbesteko kostua izango berau ezartzea”.

IDAZLAGUN aplikazioaren inguruan egingo duten lehen workshoparen berri ere eman du Garcíak prentsaurrekoan. Euskara teknikari diharduten 30 lagun ingururekin egingo da uztailaren 22an, Elekan bertan. Animatu izena ematera info@eleka.net helbidean.

Erantzun

Sartu