Teknologia albisteak
1

Hitzaldia: Sendabide ala Iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2011-07-01 : 13:07

Simon Singh kazetariak eta Edzard Ernst medikuak idatzitako Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban (Trick or treatment, alternative medicine on trial) liburua euskaratu du Elhuyar Fundazioak, eta Edzard Ernst-ek gai bereko hitzaldia eskainiko uztailaren 5ean Donostiako Miramar jauregian 19:00etan. Izen-ematea doakoa da.

Edzard Ernst Medikuntzan doktorea da, eta medikuntza alternatiboa irakasten duen munduko lehenengo pertsona da: egun, Medikuntza Alternatiboko irakaslea da Exeterko Unibertsitatean (Ingalaterran). Mediku klinikoa izana da, eta, homeopatia ikasi ondoren, homeopatia eta beste tratamendu alternatibo asko ematen jardun zuen. Mundu osoan lortu du ospea, terapia alternatiboen balioa modu zientifikoan aztertzeagatik. Eta, azterketa horietatik, ondorio bat atera du: tratamendu alternatiboek ez dutela benetako eraginik pazienteengan, eta, eragina lortzen den kasuetan, plazebo efektua baino ez dela. Ondorio horiek zabaltzeagatik, hamaika kritika jaso zituzten egileek, eta, haiei erantzuteko, desafio hau bota zuten: 10.000 libera esterlinako saria emango zioten homeopatiako tratamenduek eragina zutela frogatzen zuenari. Urtebete egon zen indarrean eskaintza, eta inor ez zen gai izan saria irabazteko. Hala adierazten dute egileek liburuaren webgunean.

Liburua alemanera, suedierara, italierara, serbierera, errusierara eta euskarara itzuli da, azken kasu horretan Elhuyar Fundazioaren eskutik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Hitzaldia ingelesez izango da, eta euskararako aldibereko itzulpena eskainiko da. Izen-ematea doakoa izango da.

Liburua salgai dago Elhuyar Fundazioaren webgunean, paper formatuan eta formatu elektronikoan.

Erantzunak

patxi lurra
2011-07-01 : 20:07

Igor Leturiak eta nik neuk liburuari buruz idatzi genduan geure blogetan, eta artikulu biak irakurrita Oier Gorosabelek beste artikulu bat blogeratu eban gaia hartuta.


Saltsa sortu dau gaiak beraz geure blogosferan.


Osasuna!


Erantzun

Sartu