Teknologia albisteak

Eguzkiaren eta beroaren kalteak gutxitzeko Gurutze Gorriaren gomendioak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-06-27 : 18:06

Tenperatura altuak dauzkagu gaur Euskal Herrian. Iragarpenen arabera ez dugu horrenbesteko beroa izango datozen egunotan, baina beroak eta eguzkia segurtasunik gabe hartzeak osasunean duten ondorioak ekiditeko gomendioak uda osorako baliagarriak direlakoan, hona ekarri ditugu horietatik zenbait. Testua Gurutze Gorriak Vichy laborategiaren eta Sendagaigile Elkarteen Kontseilu Orokorraren laguntzarekin egindako liburuxkatik atera dugu, kanpainarentzat lagungarri izango delakoan.

Gaur eguerdian Gurutze Gorriaren kanpainaren berri eman dute Euskadi Irratian. Maider Gonzalez kanpainaren koordinatzailea elkarrizketatu dute, eta gomendioak entzuteko audioa ekarri dugu hona:

Bestela ere, liburuxka osoa ekarri dugu hona (azpian pegatu dugu), eta eguzkitik babesteko neurrietako batzuk ekarri ditugu hona.

Eguzki-babes egokia azalaren arabera

  • I. azal-mota (oso azal argia, begi urdinak, oreztak, ia albinoa). Oso babes handia. Babes indize komenigarria: 50etik gorakoa.
  • II. azal-mota (azal argia, begi urdinak edo argiak, ile horia edo gorria). Babes handia. Babes indize gomendagarria: 30 eta 50 artekoa.
  • III. azal-mota (azal zuria, apur bat beltzarana; begi eta ile marroiak edo ilunak). Babes ertaina. Babes indize komenigarria: 15 eta 25 artekoa.
  • IV. azal-mota (azal beltza edo beltzarana; latinamerikarra, afrikarra...). Babes txikia. Babes indize komenigarria 10etik beherakoa.

Krema emateko gomendioak

  • Eguzki-babesa etxetik atera aurretik eman, 30 minutu lehenago ematea komeni da.
  • Ezpainak ere babestu.
  • Gutxika-gutxika hasi eguzkia hartzen. Hobe da lehenengo egunetan minutu gutxi egotea eta, poliki-poliki, geroz eta gehiago egon. Eguerdia ekiditen saiatu.
  • Uretatik ateratzerakoan, ondo-ondo lehortu: ur-tantek lupa-efektua egiten dute.
  • Normalean baino likido gehiago edan (ura edo zukuak) deshidratazioa ekiditeko.
  • Eguzki-betaurrekoak erabili, ez nolanahikoak: % 100ean babestu behar gaituzte izpi ultramoreetatik eta begi aurreko urdinetik.
  • Burua babestu. Arbola baten edo eguzkitako baten itzala nahikoa izan daiteke. Burukoak, txapelak eta antzekoak erabiltzea komeni da.

Intsolazioaren efektuak

Hondartzara edo igerilekura egun pasa joan ondoren honako efektuetako bat baldin baduzu, intsolazioa izan daiteke:

  • Ikusten baldin baduzu azala gorrituta daukazula eta dezenteko mina egiten badizu
  • Neke handia baldin baduzu, edo zorabioak, goragalea, edo botaka egiten baduzu edo sukarra baldin baduzu

Erantzun

Sartu