Teknologia albisteak

Klikmetroak.com ekimen berria sarean, Kilometroak 2011ren harira

Erabiltzailearen aurpegia
Kilometroak 2011
2011-06-21 : 09:06

Kilometroak 2011 Azpeitian ospatzen dela-eta, ekimen berria abiatu dute Interneten: klikmetroak.com. Herritarrek metroak hartuko dituzte, eta enpresa, merkatari eta elkarteek metro horiek diruz babestuko dituzte. Horixe da klikmetroak.com-en funtsa.


Argazkiak.org | Klikmetroak.com © cc-by-sa: codesyntax

Bakoitzak metro bana, 5930 metroko ibilbidean

Bakoitzak metro bana, 5930 metroko ibilbidean

Kilometroetako ibilbidea sarean jarrita dago: 5930 metro ditu. Lagun bakoitzak metro bat egin dezake gehienez eta, beraz, 5930 lagun behar dira ibilbideari itzuli bat emateko. Metro bat egiteko, bi modu daude:

  1. Formulario bat bete argazki bat, izen-abizenak, e-posta eta Kilometroakekin zerikusia duen mezua. E-posta konfirmatu egin beharko da.
  2. Facebook edo Twitter kontua irekita duten erabiltzaileek, handik klik egin eta hartu ahalko dute metroa, modu bizkorragoan.

Herritar bakoitzak metro bana egiteko aukera izango du. Eta metro bat bakarrik. Ezingo da Twitter edo Facebook kontu beretik edo e-posta berdinetik, metro bat baino gehiago hartu.

Aplikazioa CodeSyntax enpresak garatu du, Django sistemaren gainean, Facebook, Google Maps eta Twitterreko APIekin konexioak erabiliz.

Twitter edo Facebook bidez egiten denean konexioa, erabiltzaileak aukera du sare sozial horietan bere ingurukoei metroa hartu duela jakinarazteko:


Argazkiak.org | Klikmetroak Facebook-en © cc-by-sa: codesyntax

Goian Facebook-eko adibidea, eta behean Twitterrekoa. Metro jakin horretara doan URL laburtuarekin (goo.gl zerbitzukoa) doa mezua.


Argazkiak.org | Klikmetroak-etik Twitterrera © cc-by-sa: codesyntax

Hartutako metro guztiak ikusteko hiru modu eskaintzen ditu webguneak: zerrenda moduan, aurpegia eta mezuak ikusteko aukerarekin; aurpegi edo irudiz osatutako mosaiko moduko batean edo, azkenik, ibilbidearen beraren gaineko mapan kokatuta.

Babesleak

Babesleek, aldiz, bakoitzak bere neurriko babesa eskainiko dio ekimenari. Batzuk norbanakoen 10 metro babestuko dituzte, beste batzuk 20 edo 100. Aldez aurretik, babesleek ez dakite zer eta zeinen metroak babestuko dituzten eta norbanakoek ere, noski, ez dakite euren metroa nork babestua izango den.


Argazkiak.org | Klikmetroak.com: metro jakin bat © cc-by-sa: codesyntax

Babesleen artean, Berria taldea, Noticias de Gipuzkoa, Domusa eta beste hainbat agertzen dira. Eta, datozen egunetan, gehiago izatea espero da.

Berria.info-k bere azalean ere jarri du Klikmetroak aplikazioaren lehiatila. Era horretan bertatik ere eman dezakete izena erabiltzaileek. Iframe erako leihatila hau beste babesle batzuen guneetan jartzeko prestatua.


Argazkiak.org | Klikmetroak.com Berrian © cc-by-sa: codesyntax

Kilometroak-eko haserako ideiari tiraka

Duela 34 urte, 1977. urtean, Beasaingo Askatasuna Lizeoak lehen Kilometroak antolatu zituenean, Lankide Aurrezki Kutxak (egungo Euskadiko Kutxak) 150.000 pezeta eman zituen Aita Barandiaranek egindako kilometroen truke. Horixe zen festaren ideia, Josu Erguin sortzaileetakoak ere esaten zuenez: "parte hartzen zuen bakoitzak, bere gorputzarekin esfortzu bat egingo zuen, izerdi tanta batzuk aterako zituen ikastolaren alde". Eta, babesleek, esfortzu hori "ordaintzen" zuten, nolabait esateko. Parte-hartzaile eta babesle bakoitzak ahal zuen neurrian.

Geroztik, 34 urte pasa dira.Ez alferrik, gainera! Halere, aurtengo Kilometroetan haserako ideia berrasmatzeko nahia izan du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta horrela sortu da klikmetroak.com ekimena.

Erronka ez da, orduan bezala, kilometro asko egingo dituen pertsona bat bilatzea. Edo hark egindako kilometroak babestuko dituen babesle bat bilatzea. Ez. Oraingo erronka, metro bana egingo duten pertsona asko batzea da; eta metro batzuk babestuko dituzten babesleak bilatzea. Eta, hori guztia, birtualki, Interneten. Izerdi tanten ordez, klik-ak batuz.

Erantzun

Sartu