Teknologia albisteak

Euskaltegiek hitz politak baino ekintzak eskatzen dizkiote HPSri

Erabiltzailearen aurpegia
Igor Elordui
2011-06-16 : 21:06

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratzen duen Bertan bildumaren 24. zenbakian euskarak azken hamarkadetan irabazi dituen 300.000 hiztunetatik laurdena gutxienez euskaltegiei zor zaiela aipatzen da. Aipamen honek zer pentsatu, zer hausnartu -eta zer idatzi- eman die euskaltegietako ordezkariei, izan ere HPSk ere aitortu du behin baino gehiagotan hori horrela dela. Gaur GARA eta DEIA egunkarietan argitaratu duten iritzi artikuluan hitz politak baino ekintzak behar dituztela esaten diote HPSri AEK, IKA, Elkarlan, Batuz, Maizpide, Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoa eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren euskaltegietako ordezkariek.

Hauxe da gaur egunkarietan azaldu den iritzi artikulua:

ESATEA EZ DA EMATEA

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratzen duen Bertan bildumaren 24. zenbakian hauxe irakurri berri dugu: “euskarak azken hamarkadetan 300.000 hiztun irabazi ditu eta, horietatik, laurdena gutxienez euskaltegiei zor zaie”. EAEko euskaltegi homologatuok gehitu nahi dugu aipamen hori ez dela lehen aldiz egiten; Hizkuntz Politikarako Sailordetzak berak ere, aspaldian, aitortua du eta. Oraingo honetan, beste Erakunde garrantzitsu batek hori esatea oso pozgarria da guretzat eta, era berean, sektore honek bizi duen egoeraz hausnartzeko bidea ere ematen digu.

Handik eta hemendik esaten da euskaltegion estrategikotasuna, gure papera Herri honen hizkuntzaren berreskurapenean ezinbestekoa dela. Gurean eta ikastetxeetan egiten den lanari esker irabazi omen dira hainbeste euskaldun. Ederto! Euskaltegi homologatuok harro gaude egin dugun lanarekin, jakina. Lan hori nola egin behar izaten dugun aztertzen hasi eta berehala datorkigu ondorio argia: Helduen Euskalduntze eta Alfabetatze sektoreak bizi duen egoeraz hausnartu beharra dago.

Irakaskuntza arlora bideratu diren baliabideak eta gure arlora bideratu direnak alderatzen baditugu, desoreka handia dagoela begi-bistakoa da. Honekin ez dugu esan nahi irakaskuntzara bideratu dena txarto egon denik, ezta gutxiagorik ere; seguruenik bideratutakoa baino dezente gehiago behar zen horretarako ere. Kezka gure arlora bideratutakoaren urritasunak dakarkigu. Sektore honek Herri honi eta Euskarari egin dien ekarpena, neurri handi batean, euskaltegien eta, bereziki, bere langileen lan baldintzen lepo joan da; eta Euskara ikasteagatik bere poltsikotik ordaindu duten herritarren lepo ere bai, jakina.

2011ko ekainean gaude (2011-2012 ikasturtea planifikatzen ari gara, orain, euskaltegiok) eta, handik eta hemendik entzuten ditugun ahotsen arabera, jasoko ditugun diru-laguntzak aurreko urtekoak baino dezente txikiagoak izango dira; berriro ere murrizketa baten aurrean gaude.

Nola uler daiteke egiten dugun lana hain ondo baloratzea, herri honen berreuskalduntzean betetzen dugun ezinbesteko funtzioa goraipatzea, hori guztia esatea eta jasotzen dugun finantzazioa hain bigarren mailakoa izatea? Helduen Euskalduntze Alfabetatzea ikasleen, irakasleen eta euskaltegien borondatean, militantzian eta poltsikoetan oinarritu behar al da? Eta hori eskatuko al zaigu, lan hori guztia egiteko orduan, inoiz baino profesionalagoak izateko eskatzen zaigunean? Profesional eta eraginkor izaten ari gara -izan ere Euskara ikasi duten milaka herritar horiek ondo prestatutako irakasleak aurkitu dituzte euskaltegietan-; eta, hemendik aurrera, hobetzen segitu nahi dugu.

Horretxegatik, HPSri hurrengo eskaera luzatzen diogu: hitz politetik ekintzetara eman beharreko urratsak emateko, behingoz. Lehenengoz, hurrengo ikasturtean izango dugun laguntza lerroa argitzea eta ez dadila izan ikasturte honetan jaso duguna baino txikiagoa (aurten % 3ko murrizketa pairatu izan dugu); eta bigarrengoz, laguntza hori finantzazio-marko egonkor baten perspektiban kokatzea, ezinbestekoa baita murrizketarik izango ez duen eta etorkizuna bermatuko duen markoa.

Euskaltegiok lanean jarraituko dugu; hurrengo hamarkadetan ere, milaka eta milaka euskaldun aterako dira gure euskaltegietatik. Normalizazioaren abiadura eta ekimenen eraginkortasun maila baliabideen menpe ere badaudenez, gure estrategikotasuna erabakiz eta ekintzez aitortzea ezinbestekoa da. Izan ere, esaera zaharrak dioen legez, esatea ez da ematea.

Ika: Jon Zabala
Elkarlan: Juan Carlos Murillo
Batuz: Isidro Yoldi
AEK: Mertxe Mugika
Maizpide: Marian Bidegain
Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoa: Mertxe Luzuriaga

Erantzun

Sartu