Saltokietan euskararen erabilpen eza zigortzen duten isunak ezabatzeko proposamena aurkeztu du PSEk Legebiltzarrean
Saltokietan euskararen erabilera arautzen duen dekretuak 3.000 eta 600.000 euro arteko zigorrak jartzea arautzen zuen. Pertsona kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide linguistikoen dekretua aldatzeko asmoak Urrian azaldu ziren Sustatun eta atzo ekimen parlamentarioa aurkeztu zuen PSEk.
Euskaraz eta gaztelaniaz erantzutera eta errotulatzera behartzen zuen dekretu honek, eta zigorrak aurreikusten zituen arauak urratzen zituzten enpresentzat.
Blanca Urgell sailburuak Legebiltzarrean adierazi zuen urrian isunak desagertzeko araudia lantzen ari zirela, eta Deian irakurri dugu atzo aurkeztu zuela PSEk proposamena Legebiltzarrean bertan.
Legea 2003koa da, baina Ibarretxeren gobernuak 2008an dekretu baten bidez zehaztu zituen epeak eta baita arauak eragiteko enpresen ezaugarriak.
Jose Antonio Pastor eta Vicente Reyes legebiltzarkideen iritziz, hainbat arrazoi daude isunak ez jartzeko:
- Euskaraz ez dakitenek lanpostua galduko lukete.
- Isunak ez datoz "errealitate soziolinguistikoarekin" bat.
- Helburua da "euskara bultzatzeko neurriak" hartzea baina "arbuiorik gabe", eta "hiritarren borondatearekin bat eginik".
Kontsumitzaile aktiboak
Albiste hau urrian Sustatun agertu zenean, Sustatuzale batek honako proposamena egin zuen:
Zergatik ez dugu kontsumitzaile aktibo papera betetzen eta euskara guk geuk exijitzen. Nola? Ez joan euskaraz egiten ez den saltoki horietara, lehen hitza euskaraz egin, erreklamazio orria bete euskara eskatu...
Erantzunak kargatzen...