Teknologia albisteak

Jaio da XEREDAZAREN ARTXIBOA!!!!!!!!!!

Erabiltzailearen aurpegia
Xerezade
2011-06-11 : 18:06

Ez esan ez daukazula astirik irakurtzeko, begiak nekatuta dituzula ordenagailuan hainbeste ibiltzeaz, edo presbiziak ez duelako inor barkatzen... Orain ez daukazu aitzakiarik! Xerezadek irakurriko dizkizu belarrira munduko istoriorik onenak, eta denak ere euskaraz.

Xerezaderen Artxiboa euskarazko literatur podcast berria da, Saioa Gabikagogeaskoak, Jasone Larrinagak eta Ana Moralesek egina. Podcasta zer den? Ba, entzuteko blog antzekoa: astero, literatur testuen audio bat jarriko dugu Interneten mundu guztiaren esku (narrazioak, olerkiak, hitzaldi gogoangarriak...), denak ere euskaraz, on line entzuteko edo mp3ra, Ipodera edo telefonora jaitsi eta nahi duzunean entzuteko.

Bilbo Hiria Irratia estudioan grabatzen ditugu gure podcastaren atalak, eta irratsaio moduan ere emititzen dira, astelehenero arratsaldeko 5etan. Laster, Xerezaderen Artxiboa Ituneseko podcasten direktorioan ere egotea espero dugu.

Lehenengo atala eskuragarri dago dagoeneko Xerezaderen Artxiboa gure blogean. Edgar Allan Poeren "Amontillado Upela" eta "Bihotz salataria" izeneko ipuinak dira, Koro Navarroren euskarazko itzulpenean.

Xerezaderen egileok eskerrak eman nahi dizkiegu: testuen egileei eta itzultzaileei, beren lanak erabiltzeko baimenagatik; Bilbo Hiria Irratiari, bere estudioa erabiltzen uzteagatik eta hango teknikarien laguntza paregabeagatik; eta Joxe Aranzabali eta Grego Hernandez Pirisi, podcasta sortzeko animo eta aholku teknikoengatik.

Eta orain, jaitsiko al gara Veneziako palazzo bateko sotoetara, kopatxo bat amontillado goxo-goxoa hartzera? Beharbada, hain egongo zara gustura, ez duzu gehiago hortik irten nahi izango...

Erantzun

Sartu