Teknologia albisteak

Bentaren esleipena bertan behera uztea eskatu du Getxoko euskalgintzak

Erabiltzailearen aurpegia
Getxoko Topagunea
2011-06-16 : 10:06

Udalari Getxoko Benta udal ostatu publikoaren esleipen prozesua bertan behera uztea eskatu diote Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteak, "UK" aldizkaria argitaratzen duen Boluntzarreta elkarteak eta UKBERRI.NET plazaratzen duen Ukberri elkarteak. Euskara Elkarteen Topaguneko kideen arabera, baldintza-pleguan "Udalak ez du beharrezkotzat jo langileak koofizialak diren bi hizkuntzetan zerbitzatzeko kapazak izan behar direnik ezartzea".

IMG_9963

Gauzak horrela, "albiste tristetzat" jo dute gertatutakoa eta egoera aldatu ezean Benta "hamarkada batez hizkuntz normalizaziorako traba linguistikoa izan liteke udalerriko zonalderik euskaldunean" nabarmendu dute. Getxoztarron hizkuntz eskubideak ez bermatzeaz gain Getxoko Euskara Biziberritzeko planarekin bat ez datorrela adierazi dute. Elkarteak Hirigintza eta Euskara zinegotziekin zein alkatearekin harremanetan jarriko dira aferaz hitz egiteko eta konponbidea proposatu dute: oraingo prozesua bertan behera uztea eta beste baldintza-plegu bat erredaktatzea, non "zerbitzua euskaraz ere eman beharra" zehaztuko den. Euskararen Ordenantzak, zeharkako hizkuntz politika eta eskuduntzak izango dituen Euskara Batzorde partehartzailea ere eskatu dituzte.

Ekitaldia iruditan

Getxoko Topagunearen oharra

Udalari Bentaren esleipen prozesua bertan behera uztea eskatzen dio Getxoko Topaguneak.

Maiatzaren 10ean Getxoko Gobernu Batzarrak onartu bezala, Getxoko Benta ostatu publikoa errentan esleitzeko prozesua abian dela jakinarazi zuen herenegun Getxoko Udalak. Hamar urte térdikoa izan daitekeen esleipenerako baldintzen artean, Udalak ez du beharrezkotzat jo langileak koofizialak diren bi hizkuntzetan zerbitzatzeko kapazak izan behar direnik ezartzea.

Gainera, langileen euskara maila meritu gisa baino ez da puntuatuko. "Langileen plantilla eta udalerriko eskaintza kultural eta turistikoa hedatzea" izeneko atalari balorazio osoaren %7 egokitu zaio, bertan hiru azpiatal biltzen direla. Haietako batean, "Langileen profila" deritzotena, lau puntu baloratuko dituzte: langileei eskatzen zaizkien titulazioak, langileen espezializazioa, euskara jakitea eta beste hizkuntza batzuk jakitea. Hortaz, azpiatal eta puntu guztiek berdin balio izatekotan, euskarari balorazioaren %0,58 legokioke.

Bestalde, baldintza-pleguak behartzen du errotuluak eta idatzizko elementuak bi hizkuntz koofizialetan jartzera, euskarari lehentasuna emanez. Horrela, elemento horiek ezin izango dira gaztelaniaz soilik egon, baina ezta euskara hutsez ere.

Horren aurrean, Euskara Elkarteen Topagunearen kide diren Bizarra Lepoan, Boluntzarreta eta Ukberri Getxo udalerriko euskara elkarteek honakoa plazaratu nahi dute:

• Getxoko Benta ostatu publikoa esleitzeko baldintza plegua albiste tristea dela, iaz Ereaga hondartzako Terraza tabernan gertatutakora gehitzen dena. Bertan ere ez zen ezarri zerbitzua euskaraz emateko betebeharra eta euskararen balorazioa hutsaren hurrengoa izan zen.

• Bentak dinamika erdalduna hartuko balu hamarkada batez izan liteke hizkuntz normalizaziorako traba linguistikoa udalerriko zonalderik euskaldunean.

• Aurreko Getxoko Udal Gobernuak hartutako erabakia ez dator bat getxoztarron hizkuntz eskubideak bermatzearekin eta ezta Getxoko Udalaren Euskara Biziberritzeko Planarekin.

• Horregatik, Getxoko Udalari eskatzen diogu Getxoko Benta ostatu publikoa esleitzeko prozesua bertan behera utzi eta hasieratik berras dezan, getxoztarron hizkuntz eskubideak bermatzeko ezinbestekoa den baldintza ezarrita: zerbitzua euskaraz ere eman beharra, alegia.

• Gainera, testuak dituen bestelako akatsek ere gomendagarria egiten dute testua aldatu ala bertan behera uztea. Izan ere, I. Eranskinean, gaztelaniaz Bentari erreferentzia egiten dion bitartean, euskaraz La Ola taberna da ustiatzeko eskaintzen dena. Balorazio irizpideetan ere, 16. orrialdean, euskaraz esaten da baloratuko dena "Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuk jakitea" izango dela, baina 20. orrialdearen edo 16. orrialdeko erdarazko testuaren arabera, Europar Batasunekoak diren zein ez diren "beste hizkuntza batzuk jakitea" sarituko da.

• Hemen publikoki egiten ari garen bezala, ofizialki ere esleipen prozedura bertan behera uzteko eskaera egingo dugu, Udal erregistroan, eta Hirigintza eta Euskara ziengotziekin eta alkatearekin batzarra eskatuko dugu, horren inguruan mintzatzeko. Bihar ere, udalbatza berriaren eraketa dela medio saiatuko gara haiekin egotea. Bide hori agortu arte jorratuko dugu.

• Era berean, gertatutakoak beste behin berresten du Getxo udalerriak Euskararen Ordenantzak sortu, onartu eta aplikatzea behar duela. Izan ere, besteak beste, egun ezin dugu Bentako esleipenaren baldintza-pleguari helegiterik jarri, Udalak ez duelako inolako lege-beharra euskaldunon hizkuntz eskubideekiko.

• Horrekin batera, nabarmendu nahi dugu euskararen sustapena Euskara Arlotik egitea ondo badago ere hizkuntz politika zeharkakoa izan behar dela eta udal arlo guztiak hartu behar dituela. Kasu honetan Hirigintza Arloak talka egin du Euskara Arloak darabilen politikarekin.

• Azkenik, hizkuntz politika dinamizatzeko beharrezkoa ikusten dugu eskuduntzak izango dituen Euskara Batzorde partehartzailea eratzea.

Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkartea Boluntzarreta kultur elkartea Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartea

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago