Sustatu logoa Teknologia albisteak

Espainiako bandera Donostiako ikurra zegoen tokian jarri dute

Bai Euskal Herriari
2011-06-03 12:06

Odon Elorzaren azken ekintza Donostian: Eraikinaren kanpoaldean erdi-erdian eta gorago ipini du jarduneko alkateak Espainiako bandera, Donostiako ikurra zegoen tokian. Espainiar naziotasunari gorazarre eginez agurtu nahi izan du Odon Elorzak Donostiako Udala.


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Bai Euskal Herriari

2008an gauez eta isilpean Espainiar bandera Donostiako Udalean jartzeko agindu izanak zalaparta ugari sortu izan du Donostian.

Odon Elorzak berak hala aitortu zuen, gogoz kontra jartzera behartua izan zela, epaitegitik eratorririko agindua gogotxarrez bete zuela.

Gaurkoan inoiz baino argiago geratu da, inolako agindurik gabe, iniziatiba politikoa hartuz, behin behineko alkate modura bada ere, Espainiar banderari azken gorazarrea egin nahi izan dio ekintza honen bidez.

Donostiako kasua ez da bakarra, azken urteetan, Euskal Herrian indarrean dauden administrazioetan eta hauen bidez, hainbat pauso eman dituzte Euskal Herriaren nortasun eta identitatea ezabatu eta desitxuratu nahian.

Hor kokatzen ditugu ETBren eguraldi mapen bidez errealitatea desitxuratzeko saiakerak, Espainiako kirol selekzioak Euskal Herrian jokatu dituzten kirol frogak eta nola ez euskal instituzioetan espainiar eta frantses ikurren inposaketak.

Nazio nortasunaren aferan pausoak emateko garaia da:

  • Euskal Herriko nortasun ikurren defentsa eta aldarrikapena. Euskal nortasun ikurrak erabili ditzagun, ekitaldietan, jaietan, gure herria ordezkatzeko, munduaren aurrean agertzeko.
  • Inposaturiko ikurren aurrean tinko, desitxuraketa salatu. Espainiar eta frantses ikurrek ez dute lekurik Euskal Herrian.
  • Nazio gisa ikusi pentsatu eta jardun, bide seinaleak, mapal, mugarriak, irudiak, modu eta egitasmo ezberdinen bidez gure izatea aldarrikatu eta Euskal Herria eraiki behar dugu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu