Teknologia albisteak

twitteraturia, #literaturia eta sare sozialak

Erabiltzailearen aurpegia
@iPtx ekultura.net
2011-06-02 : 13:06

Asteburu honetan, Literaturia euskal letren asteburua izango da Larrabetzun. Literatura, liburuak, idazleak, irakurleak, argitaletxeak eta kultur eskaintza oparoa 2000 biztanle ere ez dituen herrian. Hamaika gehiago batzea da helburua.

Hirugarren edizioa du aurtengoak eta, apurka apurka, euskarazko letren plaza honek egonkortasuna lortu du. Bisitak jasotzen ditu, xumea da, baina egitarau oparoa dauka.

Kontzertuak, liburu aurkezpenak, solasaldiak, antzerkia, poesia errezitalak, bazkariak herriko produktuekin eta parranda-giro kultureta. Dena asteburu batean.

Sare sozialetan ere bai

Edizio honetan ere, Internetek garrantzi nahikoa hartu du Literaturiaren antolaketan. Difusioan sarea, antolaketan posta-zerrenda, prentsarako kontaktuak, argazki eta bideoen hedapena, zuzeneko streaming emisioak (lehen urtetik eskaintzen dira zuzenean ekitaldi ia guztiak)...

Iaztik baina, sare sozialetan ere badu presentzia literaturiak. Twitter eta facebook baliatuta, twitteraturia izeneko atala hartzen du bere baitan literaturia.org guneak.

Karakter gutxiko mezuetan (140), #literaturia etiketarekin lotutako albiste, erreferentzia, lotura, argazki, ideia eta komentarioak batzen dira.

Literatura sorkuntza da, fikzioa. Letrak eta irudimena. Letrak juntatu eta zerbait sortzea, piztea, iradokitzea. Fikziotik errealitate berri eta sinesgarriak. Sare sozialetan ere, maiz horrelako ekintza xumeak lortzen dira. Aukera ematen dute, eta gurean, euskaraz... gero eta gehiago dira sareotan sortzen diren berba berri, hitzokei, definizio, facts eta sorkuntza literarioak.

Twitteraturia widgetaren bitartez, hoiek guztiak batzea dugu orain helburu. Eta pantailan ikustea, ikustaraztea. Xume eta sortzailea.

literaturia.org

Erantzun

Sartu