Teknologia albisteak

Arakaldoko 5. zinegotzia zozketa bidez aukeratu dute, eta horri esker erabaki da alkatetza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-06-01 : 11:06

Hauteskunde emaitzen ondorengo joan den asteko bitxikerien artean Arakaldoko kasua dago: 5 zinegotzi ditu Arakaldoko Udalak eta, herriaren biztanle kopuruagatik, zerrendetako hautagaiak banaka hautatzeko aukera dute herritarrek. Bilduko hautagaiak jaso zituen bozka gehien, baina bostgarren zinegotzia aukeratzeko enpatean zeuden bi hautagai: 30 botorekin, Bilduko Maite Mora eta EAJko Herme Egia. Txanpon batek erabaki du Herme Egia izango dela zinegotzi, eta hortaz, EAJk lortuko du alkatetza ekainaren 11an.

Bizkaian biztanle gutxien duen herria da Arakaldo, 112 biztanle besterik ez, eta horietatik 96k dute bozka eskubidea. Kopuru hain txikiarekin, zerrenda bat aukeratu ez ezik, hautagai zehatzei botoa emateko aukera ere egon badago.

Bilduko hautagaiak irabazi zituen maiatzaren 22ko hauteskundeak. Hautagai hori zen Jabi Asurmendi, 42 botorekin. Bigarren geratu zen Victor Egia, egun Arakaldoko alkatea, 37 botorekin. Hirugarren eta laugarren zinegotziak Bilduk eta EAJk lortu zituzten 36 eta 32 botorekin hurrenez hurren, baina bostgarren zinegotzian dago koxka: 30na botorekin berdinduta geratu ziren Bildu eta EAJ.

  1. Jabi Asurmendi Sainz (Bildu): 42
  2. Victor Egia Larrakoetxea (EAJ - PNV): 37
  3. Monika Zalabarria Calzada (Bildu): 36
  4. Maika Anguiano Ibarretxe (EAJ – PNV): 32
  5. Herme Egia Larrakoetxea (EAJ - PNV) edo/ o Maite Mora Biñuales (Bildu): 30.

Gauzak horrela, azken zinegotzia zozketa bidez aukeratzea erabaki zuen Durangaldeko Hauteskunde Batzordeak. Zozketan EAJk lortu zuen zinegotzi hori, eta hortaz, Arakaldon 3 zinegotzi izango ditu EAJk eta 2 Bilduk, nahiz eta aurreko 4 zinegotzien banaketan boto gehiago izan Bilduk (42+36= 78) EAJk baino (37+32= 69).

Alkatetza erabakitzeko Udalbatzak bozketa egiten du, eta bozketa horretan EAJk hiru zinegotzi izango ditu, eta 2 zinegotzi Bilduk. Horretara, EAJk erabakiko du alkatea nor den.

Albistea Aiaraldean ikusi genuen joan den astean eta Jabi Asurmendi bera Twitterren ere aritu da azaltzen.

Erantzun

Sartu