Teknologia albisteak
2

Londresko ezkontza

Erabiltzailearen aurpegia
Leire Narbaiza
2011-05-03 : 15:05

Ostiralean Londresko ezkontza ikusi nuen, ezteiak asko gustatzen zaizkidalako, eta batez ere emaztegai-soinekoak. Badakit gai friboloa dela,eta askok gaizki begiratuko didatela (batez ere egunotan bizi duguna bizi izanda). Jakin ere badakit Ingalaterrakoa erret-ezkontza izan zela, errepublikanoa izanda arbuiatu beharko nukeena.


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot

Gainera, erlijioa gailendu zitzaion gizarte zibilari; beraz, agnostiko batendako, gaitzesgarri. Beste alde batetik, ezkontza horretan emakumearen menpekotasuna agerian laga zuten hainbat sinbolorekin (beloa aurpegian, eraztun bakarra,...), feminista izanda, errefusatu beharko nuke. Horretaz gain, hainbeste diru xahutzea ezkontza huts batean, eta bertan botere ekonomiko handikoak baino ez azaltzea ezkertiartzat bere burua duenak erdeinatu beharko luke.

Hala ere, asko disfrutatu nuen: zelako antzezlana eta eszenaratzea, nolako antzokia! Baliteke umetatik eskaini dizkiguten ereduak buruan sartu zaizkidala eta hauxe dela gelditu zaidan arrastoetako bat. Ez dakit gustu hauek nondik nora sortu zaizkidan, baina halakoekin ondo pasatzen dut.

Pamela, ginbail eta burukoengatik izatea. Eta emaztegaiaren soinekoaren oihal, bordatu eta parpailengatik, baita paramenta eta soineko luze eta baporosoengatik ere. Ez dakit, baina estetikoki ederrak begitantzen zaizkit.

Tira, Zer erantzi izanagatik ere, nire asmoa ez da Kate Middelton-en soinekoaz, edo gonbidatutako emakumeen arropaz berba egitea. Nire ustez, gehiegi egiten da berba horren gainean, kritikatzeko eta gaizki esaka jarduteko. Ez, gizonezko janzkeraz mintzatu nahi dut: uniformeak eta jaketak, lan txikia niretako!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot

Horrelako ezteguetan uniformeak janzteko mania ez dakit nondik datorkien. Badakit emakume askori ikaragarri gustatzen zaizkiela uniformez jantzitako gizonezkoak. Edo behintzat, hori diote telebistan eta filmetan. Inguruan inori ez diot horrelakorik entzun. Niri neuri suhiltzaileak ere ez zaizkit horrela gustatzen! Baliteke euskal herritarra izateak ez lagatzea uniformedunez gozatzen :-)

Senargaiak eta bere albolagunak (aitabitxiak) uniformea zeramaten. Williamek, ezkontideak, uniforme gorri-gorria, zerrenda urdin bat bularrean gurutzatuta ezkerreko sorbaldatik, eskumako mokorreraino, zatar-zatarra Beukelaerreko printzea zirudien! (Eskerrik asko @boligorria artikuluaren ideia eta irudiagatik!) Gainera, uniformea handi zeukan, oso handi. Nola liteke neurrira ez egitea? Imajinatzen duzue emakume batek soinekoa hain nasai eramango balu zelakoak entzun beharko lituzkeen? Horretaz gain, bularraldean zeraman txatar guztia? Ikaragarria! Itsusi mortala!


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: It's a foot

Eta txatarraz hitz egiten badugu Harry anaiaz [eta bere best man-a (albolaguna, aitabitxia)] ezin aipatu barik laga! Txatarraz gain, borla eta eta soka doratuak metroka zeramatzan uniforme beltzaren jakaren bueltan. Bazirudien balkoira irten aurretik errezeletan kateatu zela, eta lepo inguruan geratu zitzaizkiola sokok! Sokasaltoan gonbidatu guztiak egiteko beste metro zeroazen! Itzela! Eta amaitzeko uniforme bako gizonezkoen janzkera aipatu nahi nuke laburki. Zelako tristea, gatzbako eta aspergarria!! Grisa eta beltza, eta ausart batzuek kolore apaleko gorbataren bat. Badakit protokoloak agintzen duela, eta jaketa dela derrigorrezko. Baina inoiz aldatuko ahal da janzteko modu inuzente hori, ezer esaten ez duena?

Gustura ikusi nuen espektakulua, baina britainiarrendako. Ez nuke nahiko monarkia ordaindu ikuskizun zoragarria eskain ziezadan 20 urtean behin,.....A! Orain konturatu naiz! O! Ez! Bagabiltza horretan! Errepublika subito!

Erantzunak

Goio Arana
2011-05-03 : 17:46

Halakoetan, Bizkaia aldean Londresen baino dotoreago janzten dira. Bilbon hartutako irudian ikus daiteke ezkontzara "gaueko trajearekin" joandako gonbidatua.



Argazkiak.org | Pijamare moda © cc-by-sa: goioarana


Jozulin
2011-05-03 : 23:10


 



Posta elektronikoz honakoa bidali didate. Suckingham Palacen dela esango nuke...




Erantzun

Sartu