Sustatu logoa Teknologia albisteak

Youtube sortu zutenek erosi dute Delicious, anbizioarekin zerbitzua eraberritzeko

Luistxo Fernandez
2011-04-29 10:04

Duela hilabete batzuk zabaldu zen albistea Yahook Delicious itxi nahi zuela. Edo saldu. Azkenean saldu dute, eta ez da itxiko: Youtube sortu zuten bi ekintzaileek erosi dute eratu berri duten enpresa baterako, eta datu-transferentzia bat onartzen baduzu, Delicious izenarekin erabiltzen jarraitu ahal izango duzu zerbitzua. Neuri notizia inportantea iruditzen zait, eta ez notizia txarra prezisamente. Eta gomendioa egiten diet lagunei hemendik, transferentzia botoian klik egin eta segitzeko tresna erabiltzen.

Delicious Interneteko web erreferentziak gorde eta partekatzeko zerbitzu bat da, eta 2003. urtean sortu zenean Del.icio.us izen eta domeinuarekin, 2.0 mugimendu horren lehen zerbitzuetako bat izan zen, eta baita tag edo etiketen sailkatze sistema praktikoa izan zitekeela demostratuen zuen gailu bat. Gauza praktikoa benetan. Euskarazko klon bat ere sortu zen, Bildu.net.

Pertsona baten lana zen Delicious hasieran, eta hari Yahook erosi zuen webgunea. Joshua Schachter sortzaileak ez zuen asko iraun Yahoon, konpainia hura utzi eta Google-ra joan zen, eta hori ere utzi du eta bere enpresa propioan dago orain. Bitartean, Yahook ez dio arreta asko jarri Delicious, aldaketa batzuk egin arren.

Iazko abenduan itxiera edo salmenta gogoa adierazi zuenean Yahook kezka sentitu genuen askok, Deliciousen erreferentzia mordoa ditugulako gordeak, eta, baten batzuek bederen, asko erabiltzen dugulako. Zer gertatuko zen zerbitzuarekin? eta guk bertan gordetako informazioarekin? Plataforma alternatiboetarako migrazio moduak ere proposatu ziren, baina azkenean, akaso errazena izango da, salmenta gertatu denez, jarraitzea. Nik honen alde egingo dut gainera, ze salmenta honetan beste puntu interesgarri bat ere ikusten dut, jarraian azalduko dudana.

Erosleak dira Chad Hurley and Steve Chen, Youtube sortu zutenak. Bi ekintzaile hauek aurretik PayPal-en egon ziren, eta Youtube Googlek erostearekin ez zuten bideoen gunea utzi, Googlen jarraitu zuten. Baina nonbait orain ez daude Googlen, ze enpresa berria sortu dute, Avos. Inbertsoreak erakartzeko moduko pertsonak dira, eta eurak ere dagoeneko aberatsak dira, Youtube saldu zutenetik, eta hortaz, Deliciousen apreziatzen dudan zerbitzuari dagokionez, ematen dit garantia moduko bat direla bi hauek atzean egotea.

Hala ere, ez dirudi jarraipen hutsa izango denik. Delicious edo Avos gauza aberatsagoa izango dela ematen du, edo halako zerbait eraiki nahi dutela. Prentsa-ohar ofizialeko esaldi honek arreta deitu dit:

They’re aggressively hiring to build a world-class team to take on the challenge of building the best information discovery service on the web.

Jendea kontratatzen ari dira. Zertarako? Webeko informazioa deskubritzeko zerbitzurik onena egiteko. Gaur egunean, deskubrimendurako tresna da Twitter. Handik jakiten dituzu gauzak, apur bat barneratzen bazara zerbitzu honetan. Jende askok, izatez, Twitter darabil Deliciousen eran, estekak gorde eta partekatzeko, konturatu gabe akaso artxibo arakagarri bezala oso balio eskasa duela... Era berean, Deliciousen bertan, aldaketa batzuekin partekatze-esperientzia askoz aberatsagoa eraiki zitekeelakoan nago. Alegia, nik uste dut Deliciousen hurrengo jomuga, Youtubeko sortzaileen eskuetan, Twitterri aurre egitea dela. Eta hori ona iruditzen zait.

Deliciousi dagokionez... Hara zertarako erabili dudan bart gauean: Iban Zalduaren Biodiskogragiak liburuko disko guztien Torrent jarioak aurekitu ditut, jaitsi nahi badituzue:

(Tira, Itoizen Alkolea eta Los Planetasen bat ez ditut Torrent moduan aurkitu, baina jaisteko moduan daude horiek ere, Megaupload eta Rapidsharen).

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu