Teknologia albisteak

Aiaraldea Komunikazio Leihoa, urtebete euskarari eta komunikazioari leihoak zabaltzen

Erabiltzailearen aurpegia
aiaraldea.com
2011-05-01 : 11:05

2010eko apirilaren 17an, interneterako atari berria zabaldu genuen. Komunikazioa tresna, eta euskarazko informazio zuzena helburu. Herritarra. Hurbila. Etxekoa. Xumea. Kritikoa. Eraikitzailea. Euskalduna. Eta euskaraz. Gure hizkuntzaren normalizaziora begira, euskarazko hedabide bat sortzea ezinbestekoa genuen gure inguruetan. Elkarren berri izan, eta gure ondarea eta historia atez ate gordetzeko modu bat. Arnasa eta ilusioa eman zigun proiektu honek. Azalean ileak puntan jartzen dizun zirrara luze bat sentitu genuen orduan, eta etenik gabe, ahoz aho, mihiz mihi … egun aiaraldeko kide garenon arteko apustua finkatu genuen. Komunikazio Leihoa zabaldu zen.

Euskara hutsezko hedabide bakarrak egunero 500 bisitatik gora

Leihoen sarraila ireki, eta zabal zabalik haize freskoa izan da gure atariko protagonista nagusia. Horren seinale dira, urte betean jasotako datu eta adierazleak. Ikusle finak, entzule finak … nonahi, noiz nahi eta edozertarako prest. Gauzak honela, atariak 128.754 bisitaldi izan ditu. Eguneko 350 erabiltzaile bakar (500 bisitatik gora) sartzen dira aiaraldea.com orrialdea ikustera. Esaterako, albisteen atala denetan ikusiena 160.328 aldiz ikusi da urte honetan eta bideoena, 66.299 aldiz. Kultur leihoak eta sare sozialek ere badute euren jarraitzaile kopurua, baina dudarik gabe, goraka doan atala agendarena da: 33.271garrenez klikatu dute orain gutxi.

168 bideo ekoitzi ditugu urtebete honetan, 1271 albiste idatzi, 182 kultur irrati-zutabe atondu, 1123 agenda deialdi plazaratu eta 4.315 argazki libre sareratu ditugu flickr-en. Berria.info atariko tokiko informazioen atalak zein Hamaika Telebistak ere gure esanak eta irudiak zabaltzen ditu asterik aste, eta aiaraldea.com, Euskal Herriko txokoetan ere oihartzunez ailegatu da oharkabean. Facebooka 516 zale ditugu dagoeneko, eta Tuentiak lehen estreinaldian bete zuen bere kupoa. Twitterra, flickr… eta bestelako sare sozialak ere trasteatu ditugu eskuartean. Esperimentu ederretatik, trebatze lan orijinalak borobildu dira eginahalak eginahala. Aiaraldea.fm irratsaioak 140garren saioa aireratu dagoeneko Uhinak irrati librean.

Berde geunden, eta berde gaude, baina aurrera goaz!

Zuei eskerrak eman ditugu urratsak. Zuei eskerrak lortu dugu aiaraldea.com elikatzen jarraitzeko hauspoa … Zuei eskerrak, herriko hainbat eragile ezagutu eta aurkeztu dira tresna honetan. Zuei eskerrak, euskaraz mintzatu gara, hurbil sentituz, aske sentituz. Dantzatuz. Zuei eskerrak spotak grabatu ditugu, ikastaroak antolatu, argazkigintzaz pixka bat gehiago jakin, iritziak trukatzeko eta zintzo jokatzeko hamaika ezbaietan aurkitu gara askotan … baina zuei eskerrak, eta zuekiko miresmen osoz, bidean aurkitutako harri bakoitza kolpatu eta urrutira bidali dugu. Bidean topatutako espaloi gogorrak alboratu, eta alfonbra eroso bilakatzen diren belardietan ibili gara … eroso. Zuekin egin dugu barre, zuekin negar, zuekin hunkitu gara, zuekin hausnartu dugu, zuekin amestu, zuekin ikasi, zuekin aldarrikatu, zuekin jolastu, zuekin liluratu zuekin gozatu.

Zuekin. Dena.

Ba al ginake ala, zuek gabe?

Erantzun

Sartu