Joan den astean zabaldutako Restaurant aldizkariaren munduko 50 jatetxe onenen zerrendak bazterrak astindu ditu. Lehenbizi, Berasategi eta Adurizen arteko ikamika. Eta orain, Arzaken kontrako ustelkeria iradokizunak Rafael Garcia Santos kritikariaren eskutik.
Restaurant aldizkariaren zerrendan, Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxea munduko 3. ageri da aurten, eta Martin Berasategiren nagusia, Lasarteko Berasategui 29. postuan. Horren aurrean esan du Berasategik iruzurra dela zerrenda hau, ez baita bisita eta dastaketa konprobatuen ondoren egiten, zenbait ebaluatzaileren iritzi eta laguntasun pertsonalen arabera baizik. Adurizek erantzun dio zerrendak balio duela, iradokiz erretxinduta ari dela Berasategi.
Eta polemika honetan, beste mezu bat, benetan gogorra, Rafael Garcia Santos kritikariarena: Restaurant-en zerrendaren interesak Espainian kontrolatzen dituztenak direla Rafael Anson gastronomoa eta Juan Mari Arzak sukaldaria. Are gehiago, Arzakek meatxu egin diola ez dezala bera aipatu. Eskaera horri entzungor egin dio Garcia Santosek, ze are gogorragoak ere bota ditu: Basque Culinary Center delakoan 7 milioi euroko dirulaguntzak lortu badira, izan dela kontaktu politikoengatik, Ansonek Espainiako gobernuan (Joan Mesquida, Espainiako turismorako estatu idazkaria) eta Arzakek Donostian dituenak (Odon Elorza alkatea), eta diruon onuradun nagusia Anson izango dela, Arzakek honela ordainduko baitizkio faboreak. Oso ondo ere ez dugu ulertzen, baina horixe dio gizonak.
Erantzun
Sartu