Eibarko ospitalea egiteko lursoruaren salerosketarekin 2 milioi euro irabaziko luke enpresa batek
Patxi Lopezek 2009ko hauteskundeetan Eibarren ospitalea egingo zuela agindu zuen. Orain, 2011ko Udal hauteskundeen bezperetan, Eibarko PSEk iragarri du ospitalea non egingo duten; eta horretarako lursorua 5,5 milioi euroan erosi beharko luke Eibarko Udalak. Lursoru hori bera 3,35 milioi euroan erosi zuen Eibar Berri enpresak, zeinaren atzean eraikuntza enpresa batzuk dauden.
Patxi Lopezek duela bi urte baino gehiago agindu zuen ospitalea, baina 2011ko martxoaren 25era arte ez dugu horren inguruko berririk izan. Edonola ere, hauteskunde kiratsa alde batera utzita, proiektuak 2 milioi euroko espekulazioa eragingo du. Azaltzen saiatuko gara:
- Eibarko Valenciaga tailerraren lursorua 2006ko urriaren 26an erosi zuen Eibar Berri enpresak.
- Eibar Berri enpresa 2006ko irailean sortu zen, lursorua erosteko, hain zuzen ere.
- Erosketa egiteko lursorua hipotekatu zuen enpresa honek, 3.350.000 euroan. 3.350.000 + BEZ 16% ( 536.000) =3.886.000 .
Lau urte pasa dira, eta orain, ospitalea egiteko, Eusko Jaurlaritzak eskatzen dio Eibarko Udalari bigarren honek lursoru bat jar dezala, lehenengoak eraikina egin eta herrian ospitalearen zerbitzua eskaini dezan. Osakidetzaren eskaera hau aurtengo martxoaren 8koa da.
Ba, ospitalea eraiki ahal izateko, Eibarko Udalak goian aipatutako lursoru hori erosiko dio Eibar Berri enpresari, baina dexente garestiago: 5.500.000 euroan hain zuzen ere. Kontuan izanda BEZ orain %18a dela ( 990.000), guztira 6.490.000 .
Alegia, BEZ kenduta, Eibar Berri enpresak lursoruaren salerosketarekin izango duen etekina 2.150.000 eurokoa izango da.
Lursorua desjabetu daiteke
Eibarko Udalak ez dauka une honetan ospitalea egiteko lursorurik. Horregatik, posible da lursoru hori desjabetzea, jabeekin negoziatu beharrean, eta lursoruaren balio legala ordaintzea, negoziatutako prezio hori ordaindu beharrean.
Horixe ahalbidetzen du hain zuzen ere Estatuko Lursoruaren 2/2008 legearen 24. artikuluak, Espainiako Buletin Ofizialaren 154. zenbakian argitaratutakoak.
Desjabetze prozesua posible da, komunitate-ekipamendua egiteko delako. Bestalde, uste dugu ikerketa bat egin beharko litzatekeela ospitalea non egin erabakitzeko, are gehiago horretarako Hirigintza Plan Nagusia aldatzea derrigorrezko pausua izango dela kontuan izanda.
Erantzunak kargatzen...