Teknologia albisteak
3

Bot baten laguntzarekin Wikipediako artikuluak sortzen

Erabiltzailearen aurpegia
Galder Gonzalez
2011-04-16 : 10:04

Kalitatea edo kopurua? Artikuluak eskuz zaindu eta mimatu, edo ahalik eta informazio gehiena jarri? Galdera hauek izaten ditu beti Wikipediari bere denboraren parte bat ematen dionak. Katalunian garatutako Bot bati esker, bi gauzak zaindu ahal ditugu, eta Euskarazko Wikipedian 100.000 artikulu txukun izatea geroz eta gertuago dago.

Ingelerazko Wikipediaren hastapenetan Ameriketako Estatu Batuetako udalerri guztietako artikuluak automatikoki sortzeko erabakia hartu zuten. 20.000 artikulu inguru sortu eta 100.000 artikulurekin prentsaren atentzioa deitu zuten. Begira orain, munduko entziklopediarik handiena den Wikipediak lehen hilabete horietako hartutako erabaki horri asko zor dio.

Euskarazko Wikipedian 100.000 artikuluren muga zeharkatzeko 2-3 urte beharko genituzke gaur egungo artikulu sorrera abiadura kontutan hartuz gero. Eta ziurrenik azkar egin nahi izanez gero informazio eskaseko artikuluak lirateke hasiera batean. Beraz hor aurkitzen dugu betiko gatazka: kopuru handi batera iritsi artikulu txikiekin, edo artikulu luze eta sakonak egin eta zenbakiaren propoganda eta magiari ez erreparatu?

Aurreko batean honen inguruan eztabaidan ari ginela, Frantziako udalerriei buruzko artikuluak egitea etorri zitzaigun burura. Espainiako gehienak eginak dauden bezala, geolokalizatutako artikuluak behar genituela zen ideia, batez ere Frantziari erreparatuta. Lurraldetasuna eta guzti hori, badakizue... eta hara non Katalanezko Wikipedian gai bera ari ziren jorratzen, eta horretarako, gainera PuntCat fundazioak diruz lagundutako eta Amical Wikipedia fundazioak garatutako Bot bat zuten.

Bot bat gauza astunak modu azkarrean egiten laguntzen duen tresna da. Zuzenketa txikiak, beste Wikipediekin loturak, kontu tekniko anitz... baina horrelako lan bat ere eman ahal zaio, batez ere Frantziar Estatuko INSEE erakundeak dituen datu publikoak probestu ahal direlako.

Eztabaida luzea izan zen baina azkenean iritsi ginen kontsentsu batera: artikuluak sortuko ditugu, oinarri gisa onak direlako, eduki oso ona jartzen dutelako eta, gainera, kopuru handi batera iristen lagunduko digutelako.

Gaur hasi gara robot horrekin artikuluak sortzen. Hementxe dituzue.. Ikusten den bezala oraindik ajuste txiki batzuk behar ditu, zailtasunak ematen ditu hitz eta esaldi batzuen ordenak... baina ziur gaude hori guztia konpon daitekela esfortzu txikia eginez.

Bota martxan jartzea erabaki genuenean euskarazko komunitateari azalpen bat zor geniola ere pentsatu genuen. Ez litzateke bidezkoa izango egun batean esnatu eta 100.000 artikulu izatea inori nola lortu dugun azaldu gabe. Horretarako da mezu hau, zuen iritziak jasotzeko. Nola ikusten duzue?

Erantzunak

Irala
2011-04-17 : 02:04

Euskal hiztunen onerako bada, aurrera BOTa. Aurrerago izango da aukera artikulu horiek osatu eta txukuntzekoa.

eli
2011-04-18 : 18:35

Twitterren bidez jakin dut orain euskarazko Wikipediak 70.000 artikulu lortu dituela, eta 41. postua. Zerikusirik al du honek zuen robotaren lanarekin? Ekimen honekin zenbat postu aurrera daitezkeela uste duzue?

Kavango
2011-04-19 : 13:27

Galder: zeharo ados nago ekimen honekin eta artikulu gehiagorekin hala izan beharko duela etorkizunean seguru nago. Emaitzak oso onak izaten ari direla ematen du. Galdera bat daukat. Ez luke adierazi behar nonbait nola sortu diren artikuluok (kategoriaren bitartez edo)? Tira, agian botaren historiarekin nahiko izango da! Ikusgarria.

Erantzun

Sartu