Apirilak 7 ere heldu zen eta hori zen eguna ordu askotxotan landutako ideiak aurkeztekoa. Euskara ardura zaien dezente entzule, 70etik gora, ezagun eta lagun asko. Egun osoko mintegia izan zen eta "zierrakarrerasa" izatea tokatu zitzaidan. Aurretik hitzaldi interesgarriak Kataluniatik eta baita Elixabete Larrinagarena ere. Denak publikatuko dira aurrerago.
Nik, euskara, komunikazioa eta IKT-ak izan nituen berbagai. Lisboan, opor egun haietan landutako zirriborroaren garapena aurkeztu nuen, txosten osatu izatera helduko dena eta Irigoienazpikoa zer izango den zehatz kontatuko duena. Oraingoan, teoriatik baino gehiago praktika egingarritik.
Eta aurkeztutakoa laburtzekotan... Irigoienazpikoa izango da:
- Hizkuntza ez-hegemonikoen jakintza trukerako gunea. Euskaratik lan egingo duena beste hizkuntzei ateak zabalik dituelarik. Europa, mundua
- Bereziki, hedabideek eta IKTek hizkuntza ertainetan duten eragina aztertuko du. Bestetik, teoriak praktikan jartzeko, behatzeko, datuak lortzeko
lekua izango da. Horretarako proposatu da EUKOA (Euskal Komunikabideen Audientziak) enpresa. Euskaraz jarduten dugunok behar ditugu audientzia datu zehatzagoak, kuantitatibo zein kualitatiboak. Sektorea eskatzen diharduen ekimena da eta erakundeak ere inplikatuko direla ez dago dudarik. Eukoa izango da neurketa enpresa independente eta plurala eta bere egitekoa euskaraz ere jarduten den leku guztietan merkatu ikerketak egitea. Enpresa hau sektorearekin kontatuta egingo da, zelan ez. Sektoreko enpresak eta erakundeak izango dira jabe eta ez du irabazi asmorik izango. OJD, CIES, KANTAR... 4-5 enpresa ezberdinekin egin dugu kontaktua eta Pazko aste ostean joango gara Bartzelonara "El Baròmetre de la comunicació i la cultura: fundacc" sakonago ezagutzera. Orain ere asko dugu ikasteko gainontzeko hizkuntza ertainetatik. Kataluniakoa izango da guk gura dugunera gehien gerturatzen den adibidea.
- Laborategi-platoa izango du gune zentraltzat egitasmoak. Bueltan-bueltan ispilu polarizatua izango du eta behaketa zuzena egin ahal izango da. Laborategirako sarrera librea izango da eta hango erabiltzaileek emango diete gura beste esperientzia behatzaileei. Berrikuntza da jendea dagoen leku batera (erabilera libreduna, irekia) joan ahal izango direla behatzaileak. Hizkuntza ertainendako ikerkuntza gunea izango dena bi zatitan banatua egongo da:
- Erabilpenerako espazio librea (alde ludikoa zainduko duena): Gura beste IKT aparailulerkin. Prentsa digitala irakurtzeko gailuak, liburu irakurgailu ezberdinak: (e-bookak, iPada...), Bideo-jokoak, telebista interaktiboak...Telefonia da oraina dagoeneko eta modelo ezberdinak, (aplikazioak...). Eta egoteko leku eroso eta modernoa. Kafea hartzeko leku bat? baita!
- Platoa: Pre-zero programak: bai telebistetarako, Interneterako klip motzak, lantzeko... Probaleku bat izatea da asmoa eta gero telebistetan ikusi ahal izango diren saioen bozetoak egin eta grabatzea. Ez emititzeko, bai programa bera lantzeko eta aurkezteko. Errealizazio mahai txikia izango du, soinu mahaia, streaming-a, bideo-konferentzia...
Helburua da probaleku bat eskaintzea unibertsitateei, teknologia enpresei, hedabideei, ikasleei... Seguru gaude hizkuntza ertainetako ikuspuntutik probak egiteak gure inbertsioak finago zentratzea ekarriko duela.
- Bertan batuko dira, bestetik: Larremendi Bazkunaren bulego zentralak, 111 akademiaren bulego-liburutegia, 100 lagun ingururendako mintegi-jardunaldiak egiteko leku eroso eta jantzia
Eta esku-eskura taberna, jatetxea eta ostatua.
Argazkiak eta eraikinaren planoak albun honetan
Andoainen?
Ez da ez kasualitatea Rikardo Arregi sariak ere bertan sortu izana hogeitaka urte direla. Edo mintegi bat abiatu izana EHU-rekin batera
Udala, Larramendi eta euskara lan-sailean beti izan dira hedabideen inguruko ekimenak eta orain ere halatsu. Eta eraikina? ederra da, palazio handi horietako bat, ondo kokatua dago Irigoienazpikoa, Martin Ugalderen inguruan, Ikus-entzunezkoen eskola ondoan... eta Europara eta mundura zabalik.
Eman nituen Interneteroen artean errepikatuegiak dauden hainbat azalpen ere: lizentziak irekiak, egindakoa zabaldu beharra, kopiatzea ez dela lapurtzea. eta abarrekoak. Izan ere, proiektu honen bihotza oso Interneteroa da.
Gaua
Blogeratutakoa egunak eman zuen laburpena, baina eguraldi horrekin eta konpainia onarekin luzatu ere egin ginen. Euskarazko Internet komunitateko parte diren jendearen iritzia bereziki interesatzen zitzaidan eta iritziaz gain baita beraiekin kaña batzuk hartzea ere. Ilargia ere guri begira zegoen
Ze ondo! momentutxo horiek hain dira inportanteak... Eskerrik asko.
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Iban Arantzabal (Etxebarri)
Horra Iban Arantzabalek bere hitzaldia laguntzeko erabili zuen aurkezpena: