Durangoko bonbardaketa: une hartantxe hartutako irudi sekula ikusi gabea
Durangoko Gerediaga elkarteko lagunek Durangoko 1937ko bonbardaketaren irudi sekula ikusi gabeak aurkitu dituzte Italiako artxibategietan. Erromako Ufficio Storico dell Stato Maggiore delAeronautica Militare-ra joan ziren bisitan, eta bertan aurkitu dutenetako bat da hau, sekula ikusi gabea, parekaturik hemen gaur egungo aire-irudi batekin:
1937ko martxoaren 31n bonbardatu zuten Durango, Espainiako armada nazional matxinoak, Emilio Mola jeneralaren aginduz, Bizkaiko frontean ofentsiba hasi zuenean. Orduko hartan Italiako armada faxistaren laguntza izan zuten, egun batzuk geroago Gernikan Alemaniaren laguntza izango zuten bezala.
Orain, Erromara egindako bisitan, guztira 100 argazki inguru erreproduzitzeko aukera izan dute Gerediaga elkarteko Jon Irazabal historialariak eta Txelu Angoitia argazkilariak. Durangoko bonbardaketari buruzko argazkiak ezeze, Bizkaiko beste herri batzuetako bonbardaketako argazkiak ere aurkitu dituzte: Elorrio, Mañaria, Otxandio, Elgeta, Igorre, Galdakao, Berriatua, Derioko kanposantua, Gernika, Portugalete, Bilboko portua, Somorrostro, Jata Mendia, Galdakao...
Argazki guztiak italiarrek airetik bonbardeatzen zutela ataratakoak dira. 1937. urteko martxoaren 31tik ekainaren 19ra bitartean, Bilbo hartu zuten arte, ateratako argazkiak dira. Horietako argazki gehienak ezezagunak dira eta balio historiko handia dute Bizkaiko erasoetan italiarren parte hartzea hobeto ezagutzeko aukera ematen dutelako.
Gerediaga elkarteak gaur arratsaldean irekiko du erakusketa irudiokin. 100 direla diote webgunean, baina atzo Bizkaie agerkariak bat aurreratu zuen. Argazkiak erakusten duena ikaragarria da. Horra Durango bonbapean, leherketak erdigune osoan.

Ipar-hego ikusmira batera eraldatu dugu angelua (irudi tamaina handiagoan ere):

Konparatuz gero Google Maps-eko gaur egungo irudiarekin, argi ikusiko dituzue Durangoko puntu batzuk, herria ezaguna bazaizue: Eliza, zuzen-zuzenean jo zutena (dozenaka lagun hil ziren han, abadea barne); Ezkurdi plaza, trenbidea, eta oro har kasko zaharreneko ipar partea. Herriguneko alderdi populatuena jo zuten hegazkinek, ikusten denez.
Urrutiagoko ikusmira bat, hau ere gaurkoarekin alderatuta:

Erakusketa eta oroimen ekitaldiak
Gaur irekiko da argazki hauen erakusketa, Durangon. San Agustin Kultur Gunean, 19:30ean:
- Gerra garaiko kronika. 1936-1945eko argazkigintza Euskal Herrian, hitzaldia eta argazki proiekzioa, Juantxo Egaña argazkilariaren eskutik.
- Goitik ikusita, bonbardaketa guneko argazkiaren aurkezpena.
Bihar, martxoak 31, bonbardaketaren urteurrena da. Gauza hauek antolatu dituzte:
- Gerra zibileko biktimei omenaldia kanposantuan, 12:00etan.
- Bonbardaketaren oroimen ekitaldia Andra Mariako elizpean, 20:00etan.
Durangoko bonbardaketan 336 lagun hil zirela uste da. Baliteke Gernikan baino hildako gehiago izatea, benetan, horiek. Gernika guztiz suntsitu arren, ez baitago hildakoen zenbaketa zehatzik, suntsiketa eta gutxira erasotzaileek hartu baitzuten herria, edozein kontaketa galaraziz.
Erantzunak kargatzen...
