Teknologia albisteak
2

Euskalbar 3.9: Firefox 4 bertsiorako egokitua eta itxura berriarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Euskalbar.eu
2011-03-22 : 09:03

Firefox 4 labetik irteteko zorian dago, eta Euskalbar garatzen dugunok ere lanean aritu gara euskarazko hiztegi eta baliabideak kontsultatzeko sortu dugun aplikazio txiki hau egokitzeko eta haren aurpegia garbitzeko.

Oraingoan gure helburua Euskalbar Firefox berrira egokitzea izan denez, erabiltzaileok ez duzue funtzionaltasun berri askorik aurkituko. Bertsio honetarako lana batez ere Euskalbarren barruan dagoen kodea txukuntzera bideratu da. Aldaketa kosmetikoak ere egin dira, itxura berria emanez bai aplikazioari bai webguneari.

Erabiltzaileak sumatuko duen aldaketa nabarmenena barraren ezkerreko aldean zeuden menuen desagertzea da. Aldaketa honekin espazio apur bat irabazi da barran hiztegien botoi gehiago erakusteko. Aipatutako aukera horietara sartzeko orain nabigazio-barrarako sortu den botoi batetik egin beharko da. Modu lehenetsian botoi hori eskuinean kokatu da, bilaketa-motorrak dauden kutxaren (“Google-en kutxaren”) eskuinean. Hala ere, botoia lekuz alda daiteke, eta barraren beste edozein tokitan kokatu.

Itxurari dagokionez, Euskalbarrentzako ikono berria sortu da, Elementary ikono-multzoan eta Zaldieroa letra-tipoan oinarrituta. Ikono berritik abiatuta, webgune osoa eraberritu da. Azal lehenetsi berria sortu da bilaketa konbinatuetarako, Euskalbarren webgunearen itxura berriarekin bat datorrena. Bestalde, azal pertsonalizatuak sortzeko aukera kendu da hobespenetatik, ez baitzen oso erabilgarria erabiltzaile arrunt baten ikuspuntutik.

Beste zenbait aldaketa eta konponketa txiki ere egin dira. Aldaketa guztiak aldaketen egunkarian kontsulta daitezke.

Euskalbarren bertsio berri hau Firefox 4 bertsiotik gora dutenek soilik erabili ahal izango dute. Firefox 3 eta aurrekoak dituztenek Euskalbarren bertsio zaharrarekin geratuko dira.

Bertsio honen berritasunak bideo txiki batean laburbildu ditugu. On egin!

Erantzunak

Axari
2011-03-23 : 13:51

Non da azken esaldian aipatzen den bideoa?

Bide batez, Euskalbarren gurasoei, MILA ESKER!!!

assar
2011-03-23 : 16:22

Albiste honetan bertan, esan duzun azken esaldi horren azpian eta zure erantzunaren gainea dago bideoa. Ikusten ez baduzu, arazoren bat daukazu zure nabigatzailearekin.


Bestela hemen ere badago bideo hori.


Erantzun

Sartu