Teknologia albisteak

Aiton ardura

Erabiltzailearen aurpegia
iñaki kasares (guraso.com-eko kolaboratzailea)
2011-03-22 : 18:03

Ez naiz batere “egun seinalatuzalea”, aitaren eguna izan, euskararen aldeko, edo beste izan. Baina joan den asteburuan, martxoaren 19a batzuek “aitaren eguna” zela ziotenez, baliatu nahi izan dut egoera gogoetatxo batzuk egiteko aitatasunaren gainean.

Orain artean, aitok seme-alabengandik urruntxo bizi izan gara aitok, beste “mundu” batean, beste eginkizun batzuetan murgildurik. Erosotasuna (“erosokeria”) ekarri digu honek; batzuen ustez “abantaila”. Bizitzan berebiziko garrantzia duten hainbat arlotan, ordea, galera izugarria pairatu dugu. “Erosoa” ez baita “ona”.

Egoera aldatzen dabil emeki. Gero eta aita gehiagok nahi dugu aitatasuna erabat bizi, aitatasunean murgiltzeko apostua egiten dugu. Aita ona izan ezezik, “aita on” gisara nahi dugu jokatu ere. Erabateko aita izan nahi dugu. Seme-alabengandik hurbil nahi dugu bizi, benetako giza-lotura estuan. Ondo zaindu nahi ditugu; babestu eta lagundu beren bizi-bidea egiten; ondoan egon beren poz-aldietan, tristura-aldietan, beldur-aldietan,... beti; behar dutenaz hornitu, dela “materiala”, dela “emozionala”;... azken finean, guztizko aita izan gura dugu. Guztizko aita izateko eskubidea dugu, eta hala aldarrikatu nahi dut.

Aita izateko nahia eta aldarrikapena gero eta ozenagoak dira, baita gero eta maizago entzunak ere. Hortxe ditugu, esaterako, aitatasun lan baimena handitzeko ahaleginak (eta protestak, Espainiako gobernuak agindu zuen luzapena legez arautzeko erabakia bertan beheta laga duenez). Hortxe ditugu, baita ere, gurasoak banandu eta gero, ume(ar)en zaintza partekatuaren aldeko hainbat aitaren eskaera zein erakunde batzuen ebaspena (nahiz eta luze eztabaidatu beharko dugu honen komenientziaz eta zein baldintzatan).
Zentzuzko eta bidezko aldarrikapen honi ardura eta erantzunkizuna ere erantsi behar zaizkio, jakina. Aita izango garela jakiten dugun unetik hasten den ardura eta erantzunkizuna da.

Erantzunkizuna seme-alaberekiko, ahalik eta onena eskaini ahal izateko; erantzunkizuna nork bere buruarekin ere, norbere onak seme-alaben ona errazotzen baitu; baina eta, erantzunkizuna harago ere badoa, bikotekidearekikoa ere (bikote baten kasuan, noski) da-eta. Erabateko aita izateko, berdintasunean oinarritu behar baita sendiaren bizimodua.

Erabateko aita izan nahiak, niri behintzat, erronka nabarmenak dakarzkit. Gaitzenetako bat da, gizona naizen aldetik, barneraturiko matxismoa geure baitatik garbitzea. Besteak beste, hornitzailea izateko, menperatzailea izateko, indarkeria baliatzeko eta jasateko, lehiatzeko, emozioekin lotura duen oro gaitzetsi eta baztertzeko,... prestatu naute; eta, alderantziz, guztizko aitatasunarekin zeharo lotuta dauden maitasuna, goxotasuna, enpatia, errespetoa, komunikazioa, sentiberatasuna, zaintza, malgutasuna, jostatitasuna, etxeko lanekiko ardura eta halako guztiak gutxietsi eta nire bizitzatik ezabatzeko ere.

Ikasitakoa desikasi eta ukatu didatena ikasi behar dut, erabateko aita izatekotan. Eta ez soilik teorian -teorian erraza baita-; batez ere praktikan saiatu behar gauzatzen. Alegia, beste gauza batzuetan (gizon gehienoi “gustatzen” zaizkigun gauzetan, badakizu) emango nukeen denbora nire alabarekin ematen -berekin jolasten, edo afaria ematen, edo bere arropaz arduratzen, edo eskolan gertatu zaiona entzuten...-; mina, tristura, beldurra, maitasuna, poza... sentitzen dudanean, ezer gertatzen ez zaidan itxurak egin beharrean, sentitzen dudana agertzen; “neuk esaten dudalako” bezalako heldukeria autoritarioen ordez, negoziaziatzen, entzuten eta ulertzen saiatuz, erabakiak ahal dela partekatuz; eta halako abar luzea.

Badu beste alderdi bat lehenengo erronka honek. Matxismoa ez dut alabarekiko harremanetatik, soilik garbitu behar. Hurbil-hurbil dago neskalagunarekikoa, eta hortan ere badut zer egina. Zelako erabateko aita izango naiz, neskalagunaren bizkar geratzen badira etxeari loturiko eginkizun gehienak, horretan ere matxismoak marrazturiko egin-moldeak nagusi badira? zelako eredua naiz nire alabarentzat? zelan ari naiz ba hezitzen?

Ez naiz ari soilik etxeko lanez noski.
Bikotekidearekiko harremana zaindu nahi dut; bion arteko komunikazioa landu, bere gauzak entzun eta nireak azaldu; babesa eman nahi diot beraren bizitzan, etxetik, alabatik eta niretik haragoko horretan ere ahalik eta osoen bizi dadin, behar eta merezi dituen atseden eta aisia izan ditzan; kontuan hartu nahi ditut bere nahiak, bere iritziak; onartu bere erabakiak eta izaera; begirunez eta maitasunez nahi dut.

Batek pentsa lezake hau bikote-harremanen bati dagozkion kontua dela, seme-alabarik izan ala ez, eta egia da. Baina egia ere bada, seme-alabarik izanda, horrek eragin handia izango duela umearen heziketan, sendian gertatzen den beste edozerk bezalaxe. Bi aldetatik, gainera. Batetik, gurasoen egoera zenbat eta hobea, orduan eta hobeto zainduko dute umea. Bestea, behin irakurri nuen esaldi batek laburbiltzen du ederto: seme-alaba batzuek esaten diezuna egiten dute, beste batzuek egin ere egiten dute esan diezuna, baina den-denek egiten dute zeuk egiten duzuna.
Erabateko aita izateko aldaketa pertsonala ezinbestekoa dut, beraz. Maiz izugarri hurrun gaudeela eta sekula ez garela erdira ere iritsiko begitantzen zaigu; beste batzuetan, gero eta gertuago nagoela ere eta, ahalik eta hoberen saiatzen garela. Bidea luzea da, amaierarik bakoa ere, askotan neketsua, latza eta deserosoa, baina mugarri txiki gozagarriz betea ere bai.

Gizatasunaren bidea da, nire aburuz. Erronka itzela, baina merezi duen erronka.
Besarkada handi bana aita guztioi.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago