Kazetaritza, internet eta etorkizuna izenburupean, sarean diharduten hiru kazetari mahaiaren bueltan bilduko dira martxoaren 23an, 16.30etan, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Sustatu.com -eko Luistxo Fernandez, Zuzeu.com -eko Hasier Etxeberria eta Berriketan.info -ko Jon Ordoñez elkartuko ditugu mahai berean, kazetaritzaz eta sareaz eztabaidatzeko. Mahai-ingururako sarrera irekia izango da eta streaming bidez ere jarraitu ahalko da.
Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Komunikazio Sailak antolatu du mahai-ingurua, batez ere etorkizuneko komunikatzaile izango diren ikasleei zuzenduta. Gelan, pasiloetan nahiz kafetegian askotan mintzagai eta eztabaidagai izaten dugu aktualitateari lotutako komunikazioa sarean nola gauzatzen den eta horren ondorioz, komunikazio-ereduak eta komunikatzeko moduak ere nola aldatzen ari diren. Eztabaida hori aberasteko, gurera gonbidatu ditugu euskarazko sareko kazetaritzan erreferente diren hiru gunetako ordezkariak.
Sustatu.com, Zuzeu.com eta Berriketan.info sarean aktualitateko gaiak euskaraz lantzeko hiru gune ezberdin dira. Bakoitzak ibilbide eta esperientzia jakinak ditu, eta horien berri emango digute hiru gonbidatuek jardunaldiaren lehen zatian. Ondoren, Luistxo Fernandez (sustatu.com), Hasier Etxeberria (zuzeu.com) eta Jon Ordoñez (berriketan.info), Xan Harriague kazetariaren gidaritzapean, interneteko kazetaritzaren gainean sakontzen saiatuko dira. Jardunaldiaren azken zatian, entzuleek (zuzenean nahiz Twitter bidez) galderak eta iritziak plazaratu ahalko dituzte.
Mahai-ingurua martxoaren 23an, asteazkena, egingo da arratsaldeko 4:30etan Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campus-eko Matteo Ricci eraikinean. Sarrera librea izango da unibertsitateko kide nahiz kanpokoentzat. Bertaratu ezin dutenek, streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango dute.
Erantzun
Sartu