Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zaharkitzapen programatua Cristina Enean

Cristina Enea Fundazioa
2011-03-14 15:03

Zenbait tresna elektroniko iraungitze data jakin bat al dute? Bizitza erabilgarri mugatuarekin ekoizten al dira hainbat produktu? ‘Comprar, tirar, comprar’ dokumentala galdera horiei eta beste askori erantzuna ematen saiatzen da, eta kontzeptu horri izen bat jartzen dio: ‘zaharkitzapen programatua’. Besteak beste inprimagailu baten kasua azaltzen du. Aparailu hori orri kopuru jakin bat inprimatzeko programatuta dago, eta behin kopuru horra iritsitakoan, merkeagoa izan ohi da inprimagailu berria erostea, matxura konpontzea baino. Horrek kontsumoaren gurpilean etengabe bueltak ematera behartzen gaitu, hondakin kopurua neurririk gabe haundituz. Phoebus kartel ilunaren kasua ere mahai gainean jartzen du dokumentalak. Kartel ezkutu horri esker, bonbilla ekoizleek bonbillen bizitza ordu kopuru jakin batera mugatzeko akordioa hitzartu zuten. Eta hori guztia, produktuen eskariari eusteko asmoarekin, ekonomia piztuta eta abiada osoan mantentzeko.

‘Comprar, tirar, comprar’ dokumentala antolatzeko, zuzendariak, Cosima Dannoritzer alemaniarrak bi urteko ikerketa burutu du, eta mundu osoko adituak elkarrizketa ditu, ‘zaharkitzapen programatua’ agerira atera asmoz, orain arte ezezaguna genuen kontzeptua, baina dokumental honen ondoren, geroz eta gertuagokoa izango zaiguna. Dokumentala orain dela pare bat hilabete estreinatu zuen TVE kateak, baina orduko hartan, dokumentalaren bertsio laburra eskaini zuen (52 minutukoa). Oraingoan, Cristina Enea Fundazioan bertsio osoaren emanaldia izango da (75 minutukoa).

Horren guztiaren inguruan hitz egiteko, dokumentalaren elaborazio prozesuari buruz, zaharkitzapen programatuari eta dokumentalaren ondorioei buruz hitz egiteko, Cristina Enea Fundazioak Cosima Dannoritzer zuzendaria gonbidatu du Donostiara, martxoaren 15ean hitzaldi irekia eman dezan Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Dokumentalaren zuzendariaren aurkezpenaren ostean, dokumentalaren emanaldia egingo da, eta ondoren hausnarketa eta galdera txanda izango da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu