Martxoaren 8ko Emakunderen kartela: begietara begiratu
Emakumeen eskotea: Emakundek aurten martxoaren 8rako atera duen kartelaren lehengo begi bistan antzematen dena. Egin dugu inkesta txikia inguruan, eta galdetutakoen 100tik 98ak kartel horretan lehenengo nabarmentzen duena eskotea da. Lehenik laugarren agertzen den emakumearen eskotea, ondoren hasierako biena. Hirugarren emakumearena ez, hari ez zaio eskoterik ikusten, izan ere hark paparra ongi estalita agertzen du. Behar bada 60 urtetik gorakoa delako? Behar bada eskotea emakume gazteagoek soilik erakutsi dezaketen zerbait delako?

Argazkiak.org | Emakunderen kartelean eskoteak © cc-by-sa: herri.admin
Badirudi emakumeek kartelean hartu duten hurrenkera eskotearen araberakoa dela: kartela 20 urteko neska gaztearen eskote iradokitzailearekin irekitzen da, eskote horrentzako da lehen planoa, neska soslaiez egon beharrean apur bat ikusleari begira agertzen da. Ondoren, bigarren emakume eskoteduna, soslaiez. Hirugarrenik, emakume adinduena, jertsei gris oro estalgarri batekin, gutxien ikusten den emakumea. Eta ilara bukatzeko, kartela ixten duena, emakume gazte jakaduna, jaka itxita baina bularraldean irekita, justu barruko top estuarieta eskote zabaldunari esker bularra ondo nabarmentzen duena.
Lau emakume eta hiru eskote. Zalantza barik, eskoteak wonderbraren ondorengoak diren push up bularretakoez nabarmenduta. Wonderbra bularretakoa iragartzeko ezaguna egin zen Eva Herzigova modeloak eginiko iragarkia 1994ean: "Begiratu begietara. Begietara esan dut". Urte haietan wonderbra, titiak elkartu eta altxatu egiten zituen bularretakoa, famatu egin zen oso. Gaur egun wonderbra gaindituta dago, eta bularretako gehienak titiak elkarte eta altxatzeaz gain, bete egiten dituzte, zaila baita oso errellenorik gabeko bularretakoak topatzea. Euskal blogosferak, hemen eta hemen, jaso du emakume askorentzat kezka den hori: bularretako lodi eta deserosoak erabiltzeko moda hori.
Emakunderen kartel honek emakumeontzat oso deserosoak diren bi egoeren aldarrikapen ez hain subliminala egin du: sarritan emakumeak wonderbraren aspaldiko lelo horren arabera tratatzen direla. Baina lasai, bakarrik adin batera iristen garen arte, adinduak estalita, eskoterik eduki ere ez daukatelako. Aldarrikapen eskasa Emakunderena oraingoan.

Argazkiak.org | Martxoak 8, 2011, Emakunde © cc-by-sa: herri.admin
Erantzunak kargatzen...