Teknologia albisteak

A gripea eta agintarien eskasa

Erabiltzailearen aurpegia
jotairri
2011-03-03 : 11:03

Oraindik ez da amaitu A gripeak duela pare bat urte izan zuen oihartzuna. Demagun erkidego txiki baten agintari handioso uste handikoa zarela. Demagun gaixotasun larri-larri bat iragartzen dutela osasun erakunde pribatu eta ustez publiko batzuek, milioika pertsona ere akabatuko dituena mundu osoan, pandemia, inor salbu utziko ez duena, etab.

Demagun hainbat adituk behin eta berriro adierazi dutela ez dela halako gaitz larria, urtero zure eremuan gertatzen den antzeko eritasuna hilgarriagoa ere badela, eta iruzurra egin nahi digutela gaixotasun larriaren iragarleek, alde batetik, jendea izutu eta gehiago kontrolatzeko, eta; bestetik, mozkin eder gozoak irabazteko. Demagun itsu-itsuan eta batere kritizismorik gabe irentsi duzula apokalipsiaren mezularien deia, eta publizitate kanpaina erraldoi bat egiten duzula, zure menpeko herritar gaxoak babestearren, haien patriketatik ateratzen dituzun dirutza batzuk gastatuz;

  • milaka eta milaka txerto ( 377.455 dosi) erosten dizkiozula izurritearen iragarle pribatu bati zure “gaxo” horien poltsikoetatik harturiko hainbat milioi gehiago emanez (10 milioi €), eta;
  • milioika maskara erosten dituzula (60 milioi) eta haien truk beste milioitxo batzuk (4,2) ordaintzen dituzula zure morroi horienetatik kenduta.

Guztira, 15 milioi € (2.500 milioi, oraindik pezetatan kalkulatzen dituztenentzat) “pandemiaren” lehenengo fasea prestatzeko.

Jarrai dezagun ematen, milioika lagun zulora eramango zituen “izurritea” hutsaren hurrenean geratzen dela, zurean urtero gertatzen den eritasunak baino askoz hildako gutxiago eragin duela, hain zuzen.

Demagun, erositako txerto dosietatik 271.362 soberan geratu zaizkizula, eta saldu zizkizun laborategiak ez dizkizula bueltan hartu nahi noski, eta suntsitu behar dituzula ordaindutako diru guztia gastatuta ere (eskerrak zure gaixoena zen dirutza, ez zurea!).

Demagun, erositako 60 milioi maskara 47 milioi soberan geratu zaizkizula, soberakinak gordetzeko logistika plataforma bati 9.000 € eman dizkiozula hilero-hilero orain arte, eta, azkenean, erabaki duzula maskarok saltzea behintzat sosa gehiago ez alferrikaltzearren, eta lortu duzun salneurria 45.501 € dela (zuk 4,1 milioitan erosi zenituela gogoan hartuta, ez da prezio txarra).

Eman dezagun orain arteko katea luze hau guztia eta esadazu, faborez, kudeatzaile guztiz ezgauza eta lotsagabea ez ote zaren, eta neuk eta beste “gaxo” engainatu eta lapurtuok zer egin beharko genuke zurekin.

Erantzun

Sartu