Teknologia albisteak

Eskubide Zibilen Foroa gaur Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia
Foroa.eu
2011-02-25 : 15:02

Gaur arratsaldean abiatuko da Eskubide Zibilen Foroa Bilboko Kafe Antzokian 18:00etan hasita. Topagune anitza eta irekia izango da, aldiro gai baten inguruan biltzeko asmoz eta Sarean ere esku hartzeko aukerarekin. Lehenengo hitzordu honetarako Demokrazia Euskal Herrian, nola berbagaia.

Eskubide zibilen Euskal Herriko foroa anitza, esku-hartzailea eta eraikitzailea izan nahi duen eztabaidagunea dugu. Helburu xumeak baina garrantzitsuak ditu foroak, lehena jende anitza biltzea bera izanik; ondorengoa, aniztasun horretatik adostasunerantz urratsak ematea gai izan gaitezen euskaldunok, gizarte zibilari eskubideak aitortu eta horietarako bideak emateko. Hitzordu bakoitzean eskubide zibil, sozial, politikoak, hizkuntza eskubideak eta beste gai batzuk jorratuko ditugu.

Eskubide zibilen aldeko mugimenduak eta Kafe Antzokiak elkarlanean abiatutako ekimena dugu foro hau. Euskal gizartearen garaia dela uste dugu, alderdikerien gainetik elkarlanaren bidean, nork bere ideiei uko egin barik, baina hainbat kontutan bat etorrita. Azken hileotako eskubide zibilen aldeko ekimenetan ikusi izan da horien inguruko adostasun zabal hori eta euskaldunok erantzukizuna dugu herritar moduan urrats horiei indarra emateko. Erronka handiak ditu gure gizarteak eta foroak ausardiaz eta imaginazioz proposamen interesgarriak bildu nahi ditu horiei aurre egiteko.

Foroa topaketa fisikoa izango da alde batetik, bi orduko iraupenarekin eta eztabaida bideratzeko metodologia batekin. Aretoaren edukierak eta denborak parte-hartzaile kopurua mugatuko dute, baina sarean ere izango du jendeak proposamenak egiteko aukera.

Inori bere hizkuntzagatik esku-hartzea galaraziko ez bazaio ere, euskara izango da foroaren eztabaidak garatuko diren hizkuntza.

Erantzun

Sartu