Bengoak euskaldunei kalte, askatasunez
2011-02-21 08:02
Rafael Bengoa Osasun Sailburua denetik, Osakidetza ez da gelditu euskararen estatus ahulari kalte egiten, horretarako arauak urratu behar baditu ere. Erabileraren normalizazioan benetako urratsik ez du egiten, baina bai ematen ditu pausoak euskarak osasun-zerbitzuetan lortu duen onarpen eskasa desagerrarazteko.
Osakidetzak, bai herritarrek ospitalea utzitakoan bai osasun-zentroetako zerbitzuak hartutakoan gogobetetze-inkesta korporatibo bat zuzentzen die herritarrei, izan duten arreta balioetsi dezaten. Orain beste urrats bat egin du kalitatearen eta euskararen haustura sakontzeko: jada herritarrei ez zaie galdetzen inkesta horretan ea egokia iruditzen zaien hizkuntzaren aldetik ere eman zaien arretari buruz. Beraz, batetik, Osakidetzak herritarrei aukera kendu die hizkuntza-trataerari buruz duten iritzia modu erregular batean adierazteko, eta bestetik, Dekretuak dioenaren kontra uko egin dio euskarak osasun-zerbitzuen kalitatean duen eragina neurtzeari.
Euskaldunak protagonista direnean, Rafael Bengoari ahaztu egiten zaio ikuspegi moderno batetik komunikazioaren kalitateak nolako garrantzia duen zerbitzuen kalitatea bermatzeko, are gehiago osasun-zerbitzuetan, non herritarrak inon baino hurbiltasun handiagoa behar duen. Bengoari ahaztu egiten zaio Dekretuak eskatzen diona:
Pazientearekiko komunikazioaren kalitatea eta enpatia giltzarri dira jarduera sanitarioaren arrakastarako, bai eta funtsezko parametroetariko bat ere asistentziaren kalitatea balioesteko.
Jaurlaritzak erdaldunen askatasuna, alegia, botere linguistikoa blindatzeko eginahalak egiten dituen bitartean, Osasun Sailak hizkuntza-politika horrekiko koherentziaz, euskaldunak bigarren mailako herritartzat hartzen ditu, modu teorikoan ere, kalitatezko zerbitzuak, berdintasunean, jasotzeko eskubidea ukatzen dielako. Zuzenbide-estatua ulertzeko modu bat da: interesatzen ez zaizkion arauak ez betetzea, askatasunez.
Erantzunak kargatzen...