Gaur goizean Donostiako Doka Kafe Antzokian hainbat kultur eragilek bere atxikimendua eman diote larunbatean Bilbon egingo den "Bakerantz, legalizaziorantz" manifestaldiari. Jarraian, prentsaurrekoan irakurri duten testua eta sinatzaileen zerrenda.
Hemen bilduta gauden kultur eragileok euskal jendarteari larunbateko manifestazioarekin bat egin dezan dei egin nahi diogu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu abian dagoen bake prozesu honek herritarren bultzada hartzea, talde politiko eta ideologia guztien gainetik; azken finean euskal herritarron ardura zuzena baita gure herriarentzat beste eszenatoki bat eraikitzea, bakean eta eskubide sozial, eta politiko guztien jabe izanik.
Manifestazioko deitzaileek bezala, guk ere argi ikusten dugu ezin dugula abagune hau besterik gabe pasatzen utzi, eta era berean, argi dugu euskal herritarrak ezin dugula prozesu honetan ikusle hutsak izan. Bakoitzak bere txikitik eta txokotik, eragin egin behar dugu, giro bat sortu, bultza eta itxaropena gorpuztu beste errealitate bat gauzatu dadin. Historiaren gidoia idaztea batez ere gure esku dagoela ulertzen dugu. Eta gidoi hori egunero idazten da, egunero idazten dugu. Ohar gaitezen.
Munduan ikusten ari gara egunotan herritarren bultzadak eta mobilizazioak mugarik ez duela eta errealitate berriak sortzeko gaitasuna gure baitan dagoela. Baina gaitasun horri plaza bat eman behar zaio, gal ez dadin. Guk, gure neurriko plaza kulturan aurkitu dugu. Han elkartzen gara euskal jendarte zabalenarekin, eta handik ikusi dugu herri honen aldaketarako desioa. Aldaketa, bakerantz, eta herritar oro bere eskubide zibil eta politiko guztien jabe izango den egun baterantz.
Kulturaren plazan bizi garenok, sortu diren ildo berrietan gure ekarpena egitera gatoz. Euskal Herriko eszenatokian burutzen ari den une historiko honetan, denok izan behar dugu protagonista, euskal herritar orok bere eragiteko eskubidea obratu behar du, eta horregatik, guk, larunbateko manifestaldira biltzeko deia egiten diegu euskal herritarrei.
fermin muguruza. musikaria
unai elorriaga idazlea
jon maia bertsolaria
bernardo atxaga idazlea
gorka urbizu. musikaria
amets arzallus bertsolaria
gari musikaria
andoni egaña bertsolaria
eñaut elorrieta musikaria
mikel urdangarin musikaria
eider rodriguez idazlea
irati jimenez idazlea
harkaitz san vicente musikaria
joxe azurmendi idazlea
laura mintegi idazlea
jon sarasua bertsolaria
sebastian lizaso bertsolaria
asier altuna zine zuzendaria
unai iturriaga bertsolaria
aiora zulaika pailazoa
joxe mari agirretxe pailazoa
uxue alberdi bertsolaria
keixeta margolaria
iñaki ortiz de villalva musikaria
jon benito idazlea
rafa rueda musikaria
josu zabala musikaria
Erantzun
Sartu