Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nire ametsetako Euskal Herri independentea

Josseba
2011-02-24 10:02

Benga, izan gaitezen baikorrak. Argi dago independentziarantz goazela. Herri honek aprobetxatuko du Luistxoren window of opportunity famatu hura, eta lortu egingo dugu, baietz ba! Imajinatzen duzue Euskal Herria, oso-osoa, independentea, Frantzia eta Espainiako estatu tamalgarrietatik aske? Polita, ezta? Bueno, agian ez hain polita...


Argazkiak.org | Euskal Herria independientea © cc-by-sa: sustatu

... izan ere, jarriko al ginen ados gure estatu jaio berriari izena, bandera, hiriburua edota ereserkia ezartzean? Zelako sesioak egongo ziren! Ez badakigu ezta zenbat herrialde garen ere! Errepublika izango ginen, ala Pedro horri deitu eta Nafarroako erresuma berreskuratu? Gernikako arbola izango zen gure ereserkia? Eusko Gudariak? Asisko Urmenetari behin entzun nion gure armarrietatik ia gauza guztiak kendu beharko genituzkeela. Uff, pentsatze hutsak nagi itzela sortarazten dit.

Nik, umore apur batez, proposamen bat egingo dizuet, independentziak ez gaitzan prestatu gabe harrapa. Etxea teilatutik hastea dela esango didazue, eta egia da. Eta zer?

Hauxe da nire tesiaren abiapuntua: gure historia eta tradizioari kasu eginez gero, akabo! Guda zibila piztuko genuen atoan. Beraz: estatu berria = ezaugarri berri eta modernoak.

Nire ametsetako Euskal Herria

Hona hemen nire ametsetako Euskal Herria, ea zer deritzozuen:

  1. Estatuaren izena: Euskal Herria.
  2. Hizkuntza ofiziala: Euskara. Kitto. Honaino tradizioari uzten diodan tartea: Hemendik aurrera, gora Euskal Herri berria!
  3. Hiriburua: Iruñea? Gasteiz? Baiona? Ez ba!: Petilla de Aragon. Izan ere, politikariak, zenbat eta urrunago, hobe.
  4. Egitura politikoa: Errepublika anarkiko-ekologista. Politikariek pentsa dezatela hori zelan gauzatzen den, nik ez dakit-eta.
  5. Zenbat herrialde: 3?, 4?, 6?, 7? Ez duzue uste 3 milioi biztanle duen herri batean egitura administratibo larregi ditugula? Udalerriak, udalerrien mankomunitateak, kantonamenduak, Foru Aldundiak, gobernu zentralak... Hau erraztu beharra dago. Fuera herrialdeak! Akabo probintziakeriak! Udalerriak eta gobernu zentrala, nahikoa. Hori bai, udalerri guzti-guztiek izango lukete autodeterminazio eskubidea, edozein momentutan Espainia, Frantzia edo beste estatu triste horietako batekin joateko.
  6. Ereserkia: Andoni Egañak proposatu zuén Xalbadorren heriotza? Faborez, ez al dago alaiagorik? Nik argi daukat: mundu guztiak buruz dakien bat, Pirritx eta Porrotxen Maite Zaitut.
  7. Bandera: Ikurrina? Nafarroakoa? Arrano beltza? Beste eztabaida amaiezin bat izango zen. Berri-berria beharko dugu. Inor ez haserretzeko, kolore guztiak izan beharko ditu. Beraz, gay eta lesbianen ostadarra. Ulertzen?
  8. Harmarria: Ideiarik ez, baina Zumetak egin dezala.
  9. Harmarriaren leloa: Inor zapaltzeko gogorik ez; inork zapaldua izateko, ere ez.
  10. Jai egun nazionala: aberri eguna?, urriak 25?, maiatzak 1?, uztailak 14? Ez ba: otsailak 29! Lau urterik behin, baina kriston jaia ospatu!
  11. Konfesioa: Ofizialik, bat ere ez. Etxean, norberak nahi duena, baina projimoa izorratu barik, mesedez.
  12. Armada: Zertarako?. Nork nahi izango du honen herri frikia inbaditu?
  13. Ohorezko Lehendakaria: Illaski Serrano; Kike Amonarriz lehen dama izanik, jakina.
  14. Gobernuaren aholkulari nagusia: Markos Zapiain. Pako Aristik lagunduko lioke, batez ere sukaldariekin zer egin beharko dugun erabakitzean.
  15. Poliziarik?: Ez dakit beharko ote genukeen. Zapianentzat lehen enkargua izango zen.

Horraino. Lelokeria? Zorakeria? Zuhurtzia? Zer diostazue?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu