Teknologia albisteak

BasHerri Taldeen topaketak antolatu dituzte otsailaren 25 eta 26rako, Usurbilen

Erabiltzailearen aurpegia
Gipuzkoako EHNE
2011-02-18 : 15:02

Oso denbora gutxian BasHerri Taldeen mugimendua geldiezin bihurtu da Gipuzkoa osoan. Dagoeneko, 30 kontsumo taldetik gora eratu dira, gehientsuenak azken urtean. Talde bakoitzak dinamika eta izaera propioa eduki arren, ezaugarri komun asko dauzkate. Biolur nekazaritza ekologiko elkarteak eta EHNE sindikatuak BasHerri Taldeen bigarren topaketak antolatu dituzte otsailaren 25erako eta 26rako, Usurbilen, eta Gipuzkoako kontsumo taldeen inguruan ari diren baserritar eta kontsumitzaile guztiak gonbidatu dituzte. Elkarren berri izanez gero, egunerokotasunean sortzen diren erronkei hobeto aurre egitea edota elkarlanerako oinarriak jartzea dira helburuak.

Gipuzkoako kontsumo talde guztietako kideak daude BasHerri Taldeen bigarren topaketetara gonbidatuta, bai baserritarrak bai kontsumitzaileak. Otsailaren 25eko jardunaldia kontsumo taldeetan lanean ari diren baserritarrentzako izango da. Batetik, beren produktuan prezioa finkatzeko metodologia lantzeko eta horren baitan dagoen diskurtsoaz hausnartzeko; eta, bestetik, orain arteko BasHerri taldeetako ibilbideaz eta esperientziaz hitz egiteko eta partekatzeko.

Otsailaren 26an, berriz, denek parte hartuko dute, baserritarrek eta kontsumitzaileek. Era horretan, taldeek elkarren berri izateko aukera izango dute. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko AMAP taldeen filosofia eta antolaketa ezagutzeko eta aztertzeko aukera izango dute, hango kideek parte hartuko baitute.

Topaketetan izena emateko, ebel@ehneg.net helbidera edota 943654281 telefono zenbakira deitu beharra dago (Maider). Bazkaritara gelditzeko asmoa dutenek ere dei dezatela.

Baserritarrek eta kontsumitzaileek elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen dute kontsumo taldeetan, urte guztian produktuak zuzenean kontsumitzeko, inolako bitartekaririk gabe, bi aldeen mesedetarako. Ohiko kontsumo ereduaren alternatiba erreala dira. Talde bakoitzak erabakitzen du antolaketa guztia: zer kontsumitu nahi duten, ekologikoa lehenetsiko duten, prezioak-kuotak, banaketa, kudeaketa nola egin... Gipuzkoan 30 bat kontsumo talde daude eta sistema horren bidez, guztira, 500 familia elikatzen dira. BasHerri Taldeak izena hartzen dute, eta EHNE sindikatuak eta Biolur, nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak, sustatu dituzte, Lurgintza nekazaritza gestio zentroaren laguntzaz.

BasHerri Taldeek uztailean egin zituzten lehen topaketak Zarautzen, eta kontsumo taldeen oinarriak finkatuta utzi zituzten. Edozein informazio helbidean aurki daiteke

Orain, urtebeteko ibilbidea finkatzeko momentua dator!

Egitaraua: BasHerri Taldeen II. Topaketak

USURBIL, 2011ko Otsailak 25/26.

OTSAILAK 25, ostirala

Trebakuntza eta esperientziak pafrtekatzea

Baserritarrentzako.Usurbilgo Artzabal Aretoan.

10:00-11:00 BasHerri Taldeak Gipuzkoan.

10:30-13:30 Prezio tailerra: metodologia eta diskurtsoa.

14:30-17:00 BasHerrien balorazioa eta esperientziak partekatzea.

17:00-18:00 Baserritarren HaziBerri Ekimenaren proposamena.

OTSAILAK 26, larunbata

BasHerrien II. topaketa

Kontsumitzaileentzako eta baserritarrentzako Usurbilgo Udarregi Ikastolan.

10:00-11:00 BasHerri Taldeak Gipuzkoan: azken urtebeteko ibilbidea.

11:00-12:00 BasHerri taldeen aurkezpenak.

12:00-12:30 Hurbileko beste ereduen filosofia eta antolaketa: Ipar Euskal Herriko AMAP taldeak.

12:30-14:00 esperientziak partekatu eta eztabaida.

14:00 Bazkaria eta bertso-musika-jam sesioa.Usurbilgo Artzabal tabernan. Ekarri zure tresna eta inprobisatu! Aldez aurretik jakin behar dugu bazkarira geratzeko asmoa duzuen.

Erantzun

Sartu