Sustatu logoa Teknologia albisteak

Egin Retweet iruzkinarekin: Echofon-en abantailetako bat

Luistxo Fernandez
2011-02-15 10:02

Ez dirudi Twitterrek bereziki maite dituenik Retweet iruzkinduak. Hau da, tankera honetakoak, hasieran berbaren batzuk eta gero RT edo ber-tuit hori:

Nik bai! RT @josubergara: RT @lontzo: RT @euskadi_irratia: Euskadi Irratiko twitterra estreinatu dugu! Ea jarraitzen gaituzuen!!

Twitterren interfaze berezkotik halakorik egiterik ez dago. Baina jende askok gogoko izaten du halakoa botatzea. Lagun batek galdera pribatua egin dit, eta Sustatu bidez azaltzea pentsatu dut, bide batez Echofon erabiltzeko gomendioa eginez.

Retweet iruzkinduak egiteko, tresna egokia Echofon da.

Echofon instalatzen da gehigarri gisa Firefox nabigatzailearen gainean. Beste nabigatzaileren bat erabiltzen baduzu, ez dago aitzakiarik: utzi albo batera hori, eta erabili Firefox euskaraz.

Echofonek egiten duena da Firefox leihoan, beheko eskuineko ertzean ikono bat jarri, eta tarteka, leihoa bera irekitzen du, jasotako azken tuitekin. Era berean, zeuregana zuzendutako aipuak edo mezu zuzenak ere erakusten dizkizu.


Argazkiak.org | Echofon bidez Retweet iruzkindua egin © cc-by-sa: sustatu

Retweet egiteko aukera ere ematen du Echofonek. Bere lehiatilan, mezu jakin batean gainean eskuin-botoia klikatu saguarekin, eta zenbait aukera agertzen dira, horietako bat da Retweet with comment. Goiko pantaila-irudian duzu adibidea.

Echofon-ek gainera, Twitter kontu bat baino gehiago erabiltzea ahalbidetzen dizu. Bat pertsonala, bestea kudeatu dezakezun elkarte edo erakunde batena... Etekin handiena ateratzeko Echofoni (eta Twitterri oro har) beste aholku hau ere kontuan hartu:

  • Jarraitu 50 lagun gutxienez.

Hasteko, hori, 50-100 kontu artean jarraitu, denetarikoak, lagunak, ezezagunak, gertuko euskaldunak (arakatu Umap batzuk topatzeko), inguruko erdaldundak, eta urrutiagoko atzerritarrak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu