Teknologia albisteak

Huhezinema 2011 izena emateko epea martxoaren 25era arte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-02-12 : 11:02

Huhezinema euskal film laburren 4. jaialdian parte hartzeko deialdia irekita dago: martxoaren 25ean bukatzen da lanak bidaltzeko epea. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatekoek antolatzen dute jaialdi hau.

Lehiaketaren oinarriak

Lehiaketaren oinarriak

Huhezinema 2011 film laburren laugarren lehiaketarako deialdia duzu hau. Huhezinema jaialdia 2011ko maiatzaren 11 eta 12an egingo da Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean (Eskoriatza) eta Debagoienan.

  1. Egileen adina: edozein adinetako egileen lanak onartuko dira.
  2. Egileen jatorria: Euskal Herrian (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) jaioak edota Euskal Herrian bizi direnak.
  3. Hizkuntza: Edozein hizkuntzatan egindako lanak onartuko dira. Lanaren jatorrizko bertsioa euskara edo gaztelania ez denean, euskara edo gaztelaniazko azpidatziekin bidali beharko dira lanak.
  4. Lanaren ezaugarriak: Edozein generotako lanak (animazioa, fikzioa, dokumentala, zine esperimentala...) onartuko dira, bai bideo eta bai zinema formatuan. Bideoklip, iragarki eta bideo korporatiboak ez dira lehiaketan onartuko.
  5. Iraupena: 30 minutu gehienez.
  6. Ekoizpen data: 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitako lanak izan beharko dira. Ez dira onartuko aurrez lehiaketa honetan aurkeztutako lanak. Egile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ditzake.
  7. Filmak jasotzeko epea: 2011eko martxoaren 25a. Beranduago heltzen diren lanak ez dira onartuko.
  8. Sariak: Aurkeztutako lanak Aukeraketa Batzorde batek aurreikusi eta aukeratuko ditu. Jasotako lan guztietatik hamar aukeratuko dira eta guztiek 300 euroko saria jasoko dute aukeratuak izateagatik. Horrez gain, aukeratutako hamar lanen artean, Epaimahai Ofizialak bi sari emango ditu: Euskarazko Film Labur onenari, 400 euro; Film Labur onenari, 300 euro; 3. sari bat, aretoan bertan egingo den bozketaren ondoren jakinaraziko da: Publikoaren saria, 200 euro. Epaimahaiak erabaki dezake sariren bat hutsik geratzea. Film labur batek sari bat baino gehiago irabaz dezake. Saritutako egileek eurek jaso beharko dute saria, edo talde teknikoko edo artistikoko kideren batek, maiatzaren 12an egingo den Sari Banaketa ekitaldian. Ezinbestekoa da beraien presentzia, sariak egunean bertan jakinaraziko direlako.
  9. Epaimahai Ofiziala: Ikus-entzunezko alor profesionaleko adituek osatuko dute.
  10. Bidali beharrekoa: Izen-emate orria beteta (posta elektronikoz bidali daiteke), Zuzendariaren NANren kopia (posta elektronikoz bidali daiteke), Lana DVD formatuan, Filmaren kartela eta bi argazki/fotograma, JPG formatuan (posta elektronikoz bidali daiteke).
  11. Jaialdiko antolatzaileek ezin dute lehiaketa honetan parte hartu.
  12. Jasotako lanak Huhezinemaren esku geratuko dira. Lanak ez dira itzuliko. Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa publikoko eta sustapen muntaiak egin ahal izango dira, on-line edo off-line, helburu komertzialik gabe. Egileei aldez aurretik proiekzio horien berri emango zaie.
  13. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar.

Nora bidali

Filmak eta gainerakoak bidaltzeko posta-helbidea:

HUHEZINEMA 2011 Film Laburren Jaialdia

HUHEZI – Dorleta auzoa z/g

Eskoriatza 20540

Posta elektronikoa: huhezinema@mondragon.edu

Erantzun

Sartu