Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskararen ezagutzaren inguruan

Asier Sarasua
2011-02-04 14:02

Artikulu gogorra kaleratu zuen atzo El Correo egunkariak. Aurelio Artetak gogor erasotzen dio euskarari eta, bereziki, euskararen inguruko inkestei eta euskaldunon gezurretako munduari. Baina, tartean, egia pare bat ere esaten ditu Artetak, beharbada.

Rober Gutierrezek Twitterren lagatako bi tuitek (bat eta bi) eraman ninduten atzo El Correon idatzitako artikulu honetara: Falsas encuestas, falsas conciencias. Euskararen eta euskaltzaleon aurkako artikulua, argi dago. Baina egia pare bat ere esaten dituena, nire ustez. Eta atzo bertan Twitterren bota nituen (bat, bi eta hiru). Eta ziztu bizian etorri zitzaidan @luistxo zirikatzaile: "Benga, idatzi lerro batzuk Aurelio Arteta defenditzen!".

Alde batera lagako ditut artikuluaren lerrokatze politikoa, balorazio partzialak eta, oro har, darion hatsa. Aurelio Arteta bera ere aski ezaguna da lehendik, euskararen inguruan dituen ideiengatik (Ermuko Forotik gertuko, UPyD alderdiko kide...).

Hala ere, El Correoko artikuluan bi egia handi ikusten ditut, lehenago ere salatu izan ditudanak (eta ez naiz bakarra izan, jakina):

1) ustezko euskaltzaleen hipokresia.

2) euskararen ezagutzaren inguruko datuak puztuta daudela.

Zenbait euskaltzaleren jarrera hipokrita

Ni neu erabat erreta nago horrelako jarrerekin. Gero eta nabarmenagoak dira, gainera; lotsagarri bihurtzeraino. Euskararentzat, askotan, benetako euskararen aurkako etsaiak baino kaltegarriago.

Eta, oro har, euskaldun, euskaltzale eta abertzale direla esan, baina jo-ta-sua erdaraz dabiltzanak.

Euskararen inguruko hainbat datu puztuta daude

Euskararen ezagutzaren datuak nabarmen puztuta daudela uste dut. Ustea baino, iruditzen zait nabarmena, nabarmenegia, dela. Nahita edo nahi gabe puztu daitezke, ulergarria da (erakundeek erakutsi nahi dute euren lana emaitzak izaten ari dela; herritarrek ere errazago erantzuten dute euskaraz dakitela, euren ezjakintasuna onartu baino, "tú pon que sí"; inkestetako datuak ere nahi diren moduan "irakurri" daitezke eta titularra norberak aukeratzen du; B eta D ereduan matrikulatutako guztiak euskaldunen taldean sartzen ditugu "defektuz"...).

Arrazoiak arrazoi, niri zenbait datu sinestezinak iruditzen zaizkit.

Benetan? Egia da hori? Zenbat euskaldun gara benetan? Euskaraz bizi gaitezkeenak eta bizi nahi dugunak? 800.000? 1.000.000? Benetan?

Galdera ez da hutsala. Izan ere, zer datu oinarrizko eta garrantzizkoagorik, zenbat garen jakitea baino?

Gainera, gutxiago izatea ere ez litzateke kaltegarri kasu honetan:

  • Erabilera datuak askoz baikorragoak lirateke.
  • Kontsumo datuak ere hobeak lirateke (Sautrelak, esate baterako, 10.000 ikusle baditu, ez da berdina 1.000.000 ikusle potentzial dituen edo 200.000). Berdin liburu edo egunkari salmentekin.
  • Hizkuntza Politikan gehiago inbertitu beharko litzateke.

Agian, kontzientziazioa ere handituko litzateke, azkenaldian lur-jota ikusten dut eta.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu