Teknologia albisteak

Bai Euskarari Sariak Refractarios Kelsen eta Hirukide Ikastetxearentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Ziurtagiriaren Elkartea
2011-02-02 : 15:02

Ziurtagiriaren Elkarteak bi entitate saritu ditu Bai Euskarari Sarien bigarren edizioan, euskara enpresan txertatzeko helburuarekin aurrera eramandako ekintzengatik. Sariketa Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateen artean egin da. Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren eskutik Refractarios Kelsen enpresak eta Hirukide Ikastetxeak jaso zuten Bai Euskarari Saria Donostiako Victoria Eugenia Club-ean atzo egin zen sarien banaketa-ekitaldian. Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusi ohiak, berriz, Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso du bere ibilbide osoaren aitorpen gisa.


Argazkiak.org | Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldia 2011 © cc-by-sa: Ziurtagiriaren Elkartea

Errotulazioa, kanpo eta barneko dokumentazioa eta beste hainbat elementu euskaratzen egin duten ahaleginagatik; eta hornitzaileekin harremanak euskaraz izateko egin duten saiakeragatik (ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi baitiote hornitzaile bakoitzari aurrez-aurre eta idatziz) eman zion Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Saria Refractarios Kelsen-i. Beste Bai Euskarari Saria Tolosako Hirukide Ikastetxearentzat izan zen, azken urteotan euskararen aldeko apustu nabarmena egin duelako: entitatean euskara txertatzeko, hizkuntza plangintza eratu eta hedatu dutelako, hain zuzen ere.

Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Laguna oroigarria Xabier Mendigureni eman zion euskararen normalizazioaren alde egindako lan guztiagatik. Hunkituta eta pozarren agertu zen Mendiguren, ez baitzuen sari hori inolaz ere espero: “Horrelako sariak inoiz ez dira espero izaten. Nik neuk ez behintzat. Eta ustekabean harrapatzen zaituzte, zeren burura etortzen zaizun lehena izaten da egin behar nuena egiten saiatzea besterik ez dudala egin. Baina pozik hartzen da norbaitek zugan pentsatu duela jakitea eta urteetan zehar egindako lana kontuan hartu duela ikustea”.


Argazkiak.org | Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldia 2011 © cc-by-sa: Ziurtagiriaren Elkartea

Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek sarituak zoriondu zituen hasteko, Jose Mari Agirretxe Porrotx lagun zuela Lierni Agirrezabalak gidatu zuen ekitaldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskararen Sustapenerako zuzendaria edota Ainhoa Beola Donostiako Hizkuntza Normalkuntzarako zinegotzia ere. Bai Euskarari Ziurtagiriak dagoeneko hamar urte eta erdiko ibilbidea egin duela gogoratu zuen Gutiérrezek jarraian. Bere esatean, indarrak batuta, ibilbide honetan guztian, proiektu eta egitasmo ugari eraman dituzte aurrera, eta etorkizunean ere urrats biziak ematen jarraitzeko asmoa dutela gaineratu zuen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago