Jon Juaristiren alde
Jon Juaristiren alde idatzi du Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak Noticias taldeko Ortzadar aldizkarian:
Euskararentzako arrisku larriena gaur ez dira jonjuaristiak, halakoen mamua astinduz kontzientzia lasaitu nahi duten erdal praktikanteak baizik.
Aipatutako Mendigurenen artikulua larunbatean banatu zuen Noticias taldeak, egunkariekin batera, baina gehigarria ez dute sareratu oraindik. Mendigureni esker, testu osoa ekarri dugu hona:
Jon Juaristiren alde
Aste honetan bildu da, Leioan, Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordea. Hango erabaki eta hitzaldien berri aski zabal eman da komunikabideetan, eta ez naiz hor sartuko. Bilera egin baino lehen hautsak harrotu dituen beste kontu bat hartuko dut gaitzat: Jon Juaristi jauna.
ETAtik PPren eskuin adarreraino, aski ezaguna da Juaristiren ibilbide politikoa, eta berak ere xeheki kontatua du bere oroitzapen-liburuan. Euskarari, euskalgintzari, gure kulturari eta literaturari buruz pentsatzen dituenak ere publikoak dira, hainbat idazkitan plazaratu baititu. Horretan oinarrituta, Batzorde horretatik kanpo egon behar lukeela defenditu du zenbait alderdik eta euskaltzale askok.
Ni, ez nator bat. Honen harira, eta beste ezer baino lehen, Lopez jaunaren lehendakaritza hauteskunde antidemokratiko batzuetatik sortua dela eta haren gobernuaren legitimotasuna badaezpadakoa dela gogoratu nahi nuke aurrena; hala ere, egungo legeriaren joko zelaia eta batzorde horren izatea ontzat emanez gero, ez dut Juaristiren izendapena begi txarrez ikusten, euskararen kontra epelak bota izan dituen arren.
Arrazoia ez da Juaristi irakasle izan nuela unibertsitatean, irakasle jakintsu eta adeitsua gainera. Ez da Juaristik euskal literatura sakonki ikasi eta aztertu duela eta haren historia interesgarri bat idatzi. Ez da euskal soziolinguistikaren hastapenetako liburu guztiz gomendagarri bat idatzi zuela. Ez da euskal baladen ikertzaile onenetako bat izan dela eta haien bilketa eta analisi zientifikoaren bultzagile sendoa. Ez da euskal literatura garaikidearen berrikuntzako gunean izan zela, beste idazle inportante batzuekin batean. Meritu horiek guztiak egiazkoak dira, eta ez dira asko izango Batzordean beste horrenbeste esan dezaketenak, baina horrek ez du inola ere zuritzen gure hizkuntzaren eta kulturaren kontra hartua duen seta gaixoti eta etnozida. Eta hala ere, berriro diot, nik nahiago Juaristi batzorde horretan.
Dozena bat urte atzera eginez, gogoan dut Josu Urrutikoetxea legebiltzarkide aukeratu zutenean, Euskal Herritarrok alderdi orduan legala Gasteizko parlamentuan parte hartzen hasi eta Giza Eskubideen Batzordeko kide izendatu zutela. Orduan izan ziren espantuak eta jantzi-urratzeak hainbat hedabide espainolistatan: sarkasmoa zela etakide izandako bat giza eskubideez arduratzea, eta abar. Garai hartan Urrutikoetxeak ez zuen inongo deliturik epaitegien aurrean; bai, aldiz, errefuxiatu historiala eta kartzelako egonaldia: horrek berak nahikoa ezagutza ematen zion giza eskubideez aritzeko, ikuspegi bakarraren aldekoek hori ikusi nahi ez zuten arren.
Berdin jokatu behar ote dugu guk Jon Juaristirekin? Ez nuke nahi. Euskararen kontra bereak eta asto beltzarenak esan dituela? Egia; bere gogaide askok ezagutza gutxiagoz pentsatzen dituzten berberak, nahiz jendaurrean esatera ausartu ez. Teorian denok gaude adierazpen askatasunaren alde, ideien arteko joan-etorri librearen alde, proiektu desberdinen arteko debate eta eztabaidaren alde. Bada, horretan benetan sinesten badugu eta ez modu erretorikoan, konsekuenteak izanda, hobe da euskararen etsaiek ere dagokien lekuan beren ahotsa izatea, gure gizartean existitzen diren neurrian (eta ongi aski dakigu asko direla, eta oso indartsuak, nahiz beren etsaitasuna zurikeriaz eta itxurakeriaz jantzi, Juaristik ez bezala).
Euskararentzako arrisku larriena gaur ez baitira jonjuaristiak, halakoen mamua astinduz beren (eta gure) kontzientzia lasaitu nahi duten erdal praktikanteak baizik.
Erantzunak kargatzen...