Otsailaren 13an 30 urte beteko dira Joxe Arregi Izagirre Espainiako poliziak egindako torturez hil zutela Carabancheleko espetxean. Argazki gogor batzuk (hemen) zabaldu ziren, eta 28 urtez sekretua izan ondoren 2009an jakin zen argazki horiek nola lortu ziren.
Berriak kontatu zuen Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi izan zirela, hilerriko langile batekin batera, gorpua hilobitik atera eta argazkiak atera zituztenak. Berriak Igandea gehigarri batean ekarri zuen horren inguruko erreportaje zabala (pdf-a deskargagarri Indymediatik) eta bideo bat ere egin zuen:
Igandean izango dira 30 urte Joxe Arregi hil zutela. Joxe Arregi hil eta egun batzutara, torturak jasan zituen "Trunboi" eibartarrak; eta orain, 30 urte pasata, bertso batzuk idatzi dizkio Arregiri.
Bertso horiek Eibartarrak posta zerrendara bidali ditu Serafin Basaurik, eta Eibar.ORG atarian ikusgai badaude. Sustatura ere ekarri ditugu, handik:
Joxe Arregiri bertsoak
Doiñua: Martxa baten lehen notak
Hogetamar urte juan dira
ezingo dau ahaztu baiña,
sasoi haretan sufridu ebanak
estaduaren hazaiña
Arregi hil zeben lehenengo
emongo zetsen guraiña
bakardadian neurtuko zeban
min sakon haren tamaiña
torturia dabe eskeintzen
askegurian ordaiña
politiko, prentsa, elizak
hau estaltzen lan bikaiña
noiz hartuko detsagu behingoz
injustiziari gaiña?
iñoizko baten sartu deiñian
demokrazian España.
Hogetamar urte honetan
gauzia ez da aldatu
lehengo lepotik dake burua
ezin da hori ukatu
herri hau gura dabelako
kate zaharretik askatu
torturiaren burdingorixaz
millaka dabe markatu
bañerako ur zikiñetan
karterua akabatu
tolosar bixak ebaindu eta
karepian lurperatu
siñistu nahi bada ez bada
demokrazian da gertatu
alde bakarrak bihar ete dau
gaur barkamena eskatu?
Guzurtzat jo dabe batzuek
tartian, gure herrixan
udazkeneko pleno batian
geratu zan agirixan
"hala balitz be, ondo dago"!!!
batek han min emon nahixan
ez dakixola tokau berari
egotia hor azpixan!!
hotz hotzian torturatzen da
kuartel ta komisarixan
inpunidade osoarekin
estaduaren kerizan
halakorik ez da izango
datorren sasoi barrixan
justiziazko bakia erne
deiñian Euskalerrixan.
Erantzun
Sartu