Teknologia albisteak
7

Sakoneta (48): "Brrrnn!" entzun dute, burrunba gaitz bat

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-02-06 : 10:02

uzt. 3 06:50

"Brrrnn!" entzun dute, burrunba gaitz bat, sukaldean burua mahaian jarrita nahiz logeletan etzanda lo zeudenak esnatu dituena, eta esna zeudenak burua eskuen artean sartuta lurrera makurrarazi dituena, eztandaren beldurrez.


Ez da eztanda bakarra izan, hamar baizik, denak sinkronizatuak eta ate-leiho gehienak porroskatu dituztenak. Ordurako, baina, etxe barruan ziren ertzain mordoxka bat, baserri atzeko ukuiluko atetik isilka sartuak. Hortaz, leherketatik segundo gutxira, sustoaren ondotik ezustea, gela barrenetara sartu dira operazio berezietako poliziak, tresna sofistikatuenez armatuak: barne-irratia duten kaskoak, gorputz osoko bala-estalkiak, ilunpean ikusteko gailuz hornituriko subfusilak...

–Geldi hor! / Ez mugitu! /Atxilotuta zaudete! / Lurrera!
Aginduak ozenak dira, oldarkorrak, larderiatsuak, eta ustekabearen ondorioz baserri barruko denak kikilduta eta nora ezean gelditu diren arren, baten batek aski arin obeditu ez duelako edo beste batek protesta-hotsen bat egin duelako, erruki eta begirune handirik gabe banatu dituzte kulatakadak, dinbi-danba.

–Ai! Zipaio kabroia!

–Nik emango diat hiri zipaioa...

–Ai, ai, ai!

Irrati bidez komunikatzen dira eliteko indarrak, baserri barruan sartu direnen artean, batetik, eta operazioaren arduradunak kanpoko agintariekin, bestetik.

–Sakoneta hartua, eta dena kontrolpean, nagusi.

–Erresistentziarik?

–Apenas.

–Zauriturik?

–Batere ez.

–Denak atxilotuta?

Gelaz gela atxilo hartuak gune bakarrera eramateko agindu du operazio-buruak, han banan-banan identifikatzeko. Goiko solairutik eskaileretan behera doazela, baina, atxilotuetako batek estropezu eginda, edo nahita jauzi eginda, bere gorputzaren pisu guztiaz erori da ertzain baten gainera, ertzaina ere pirurika botaz eskaileretan behera. Beste ertzain batzuek hori ikusi, matxinadatzat hartu, eta batek tiroka ekin dio, sabaiari edo zoruari, ez inoren kontra baizik “geldi denak” agintzeko bezala, ilunpean ez baita ezer ikusten, eta orduan oinazezko oihu batek urratu du gaua, urratu ditu guztien belarri-mintzak: “Aaaaaa!”

–Nagusi, zoritxar bat... Tiroketa bat egon da, eta zauritu bat... igual hilik honezkero.

–Nola? Zer?

–Anbulantziari deitu diogu baina...

–Nor da hildakoa? Zer gertatu da? Armentia, kabendios! Armentia...!


Erantzunak

xme
2011-02-07 : 10:34

Eta honekin amaitu da.

Kitto. Fin. The End.

Eskerrik asko irakurle guztiei.

Teknofiloon artean paperzalerik balego, aurki aterako da liburu gisa ere.

eneko
2011-02-07 : 11:40

ez da egia izango ezta? hola utzi behar al gaituzu? nor d ahildakoa? ta satorra? ta maitasun kontuak? ta...

Sakoneta2 aurki iznago dugu ezta? Eskerrik asko

Oier A.
2011-02-07 : 15:52

Lost serie dirudi honek, zerbait pasako delakoan ale guztiak irentsi, eta zerbait pasatzen hasten dela antzematen denean akabo. Benga Xabier, Sakonetaren "denboraldi" berria iragarri gutxienez. Edo azken korapiloaren askatzea papererako utzi duzu? Hori, amarru maltzurra litzateke!

xme
2011-02-07 : 18:12

Hildakoa nor den, neronek ere ez dakit; satorra nor den igartzeko, klabe batzuk badaude; maitasun kontuak, gutxi gorabehera asma litezke, nik uste.



Paperean ez dago besterik, ez naiz horren maltzurra.

leire narbaiza
2011-02-07 : 22:47

Xabier, horrela laga behar gaituzu? Paperean ere ez da argitzen? baina, baina, baina.....ezin diguzu horrelakorik egin! Ta non dago Marmitte? Oraindik asko dago argitzeko! lortuko dute AHT egitea?

asier
2011-02-08 : 10:13

Ostia Armentia! Esan nizun amaiera idazteko! Non daukazu burua, kojones!! ;-)

Oier A.
2011-02-08 : 11:03

Ba gauzak horrela, aitortu behar ezustean harrapatu nauela bukaerak. Gustora jarraitu ditut kapituluak, egunean egunekoa irakurriz eta jakinminez. Eskerrik asko Xabier opariagatik. Eta halako batean, denboraldi berriari heltzea erabakitzen baduzu, oraindik hobeto!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago