Teknologia albisteak

Sakoneta (46): "Armentia!"

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-02-04 : 17:02

uzt. 3 05:20
–Armentia!
–Eee... bai?
–Armentia! Lo al zeunden?
–E... ba... ez, ez, nagusi.
–Armentia! Guardian zaude. Misio garrantzitsu batean, eta zu zara operazio-lekuko arduraduna. Zuk uste duzu lo gelditzeko moduan zaudela?

–Ez, nagusi. Baina goizeko bostetan...

–Berdin zait bostetan ala seietan. Mekabenlaputa! Eta horko agente gehienak ere berdin egongo dira, ezta?

–Ez, nagusi. Bakoitza bere postuan.

–Bai, porlos! Zuengatik balitz... Mekabenlaletxe. Eskerrak jende bizkorragoa ere badaukagun. Ba al dakizu non dauden oraintxe bertan zuen ekologistak?

–Ba, beren kanpadendetan. Ez dira handik mugitu.

–Ez direla mugitu? Ai, Armentia, Armentia... Sakoneta barruan daude denak, leiho ireki batetik sartuta, zaintzen egon behar zuten ertzainak enteratu ere egin gabe.

–Ba... nik... egia esan...

–Ez bilatu aitzakiarik, alferrik ibiliko zara eta. Baina alde batera horrela hobe. Troiako zaldi bat geneukala abisatu nizun, gogoratzen?

–Bai noski.

–Haretxek eman digu informazioa, barrura sartu direla, eta ez hori bakarrik: gu geu Sakonetan sartzeko modua ere bilatu digu.

–Aiba!

–CNIko hauek ez dira txikikerietan ibiltzen.

–Ikusten dut, bai.

–Zuen zain bageunde, prexkoak geundeke.

–Barka, nagusi, baina gu ere...

–Tira, tira, utzi ditzagun berriketak. Etxe ostean, baserriaren atzeko aldean, ukuilura ematen duen ate bat dago; ba, ate hori zirrikitu batekin zabalik utzi du gure Troiako zaldiak.

–Eta ukuiluan behiak-eta daude, ala...?

–Nik zer dakit!

–Badaezpada galdetzen nuen, zer topatuko dugun jakiteko.

–Zuek sartu hor, ondo armatuta, eta hortik etxe osoa hartu behar duzue.

–Eta baserriaren planorik edo badaukagu?

–Joder, Armentia, zer eskatu behar didazu hurrena: bertako guztien izen-abizenak?

–Hori badaukagu. Eta zer egingo dugu gero: denak atxilotu?

–Noski. Marikoikeriarik gabe gainera. Eman behar bada, eman.

–Ados. Eta zein da gure Troiako zaldia? Hari suabexeago emateko, esaten dut.

–Ostras. Ba ez dakit. Ez digute esan.



Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago