Teknologia albisteak

Sakoneta (45): Ontziak garbitzea egokitu zaie Markel eta Martinari

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-02-03 : 17:02

uzt. 2 23:30

Ontziak garbitzea egokitu zaie Markel eta Martinari. Ez dute zer garbitu handirik: kanpineko plater eta sardexkak, eta tortilla bat egiteko erabili duten zartagina. Dagoeneko ilundu du eta ez daukate askorik urruntzerik kanpamentutik. Hala ere, hartu ura balde batean, hartu garbitu beharrekoak eta linterna koxkor bat, eta txoko batera joan dira, lanera.


Lanerako ez ezik, lehen erdibidean utzitako beste zer horretarako ere aprobetxatu nahi luke Markelek. 24 orduan borrokarako bizi ohi da Markel, horrela da aspaldidanik, militantzia sufritua baino gehiago erresistentziazko jarrera natural, ia biologiko eta automatizatu bat da hori beregan, baina noizean behin bestelako beharrak ere sentitzen ditu: eguneroko gosea, egarria edo logura bezala, gerripeko kilika antzeko bat ernetzen zaio noizean behin. Hala nola kazetari alemaniar honekin.

–Zenbat mobida gaur, ezta? –hasi du solasa.

–Bai.

–Nork esango zigun, goizean elkarrizketa baterako geratu garenean, horrela bukatuko genuela gaua, kanpindenda batean, poliziak alde guztietatik inguratuta.

–Asterixen herrian bezala.

–Horixe. Borroka gauza triste bat balitz bezala aurkezten digute askotan, militantziak halako kutsu negatibo bat du gaur gizartean, botereari hori interesatzen zaiolako seguru asko, baina alaitasunez ere eraman liteke. Begira ze gaugiro ederra daukagun: izarrak gure gainean, mendia inguruan, kilkerren hotsa...

–Eltxoak ere bai. Pare batek heldu didate dagoeneko.

–Kar-kar. Naturaren indarra, badakizu, denok zerbait harrapatu nahi.

Markelen ligeak, aspaldi honetan, mugimenduaren barrukoak izan dira, eta horrek mugapen nabarmenak dituen arren, abantaila praktikoak ere bai: ez du bere burua saltzen gehiegi ahalegindu behar, ezaguna eta estimatua delako lehendik ere; eta ez dauka konpromiso sentimentaletatik ihes dabilela azpimarratu behar, denek asumitua eta onartua dutelako zein diren Markelen lehentasunak. Horregatik aski berria eta deserosoa zaio oraingo egoera, bera baino dexente gazteagoa den neska bat seduzitzen saiatzea, eta inongo maitasun-promesik gabe gainera. Garbi baitauka berak zer nahi duen. Neskak nahi ote duen jakitea falta.

–Zein dira zure planak? –galdetu dio Martinari. Markel ohartzen da nahiko zabarra izaten ari dela, baina ez daki finago ibiltzen.

–Nire planak? Bizitzan, datorren hilabeteetan, ondorengo pare bat urteetan?

–Ez. Gaur gauean. Udako gau epela daukagu aurretik, gazteak gara, zergatik ez ondo pasatu?

Martina begira geratu zaio, mezu garbirik antzematen uzten ez duen aurpegieraz, ez bada kalkulu konplikatuetan ari den buru azkar bat.


Erantzun

Sartu